Azaroaren 11n etxebizitza-eskubidearen alde izango den greba orokorrean, deialdi bateratu bat landu dute Euskal Herriko gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru) eta etxebizitza-sindikatuek (Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta Etxebizitza Sindikatuen Sarea). Greba-deialdiaren erregistroa egin du jada gehiengo sindikalak, gaur jakinarazi dutenez. "Etxebizitza-eskubidea bermatu dadila eta espekulazioari ezetz esateko eguna izan dadila" bilatzen dute aipatutako eragileek, eta "langileon pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde" mobilizatzera ere deitu dute.
Etxebizitza: langile-klasearen kezka nagusia
Etxebizitza-krisiari dagokionez, "euskal langileriaren kezka nagusia" dela ohartarazi dute, eta etxebizitza bilakatu dela, gainera, "euskal langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistetan sakontzeko arrazoi nagusietako bat". Horren aurka, aldarrikatu dute "etxebizitzak bermatutako eskubide" bat izan beharko lukeela, "osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean"; eta "hori lortzeko oztopo nagusia" dela "etxebizitzarekin egiten den espekulazioa".
Espekulatzaileen espropiazioa, espekulazioaren debekua eta etxebizitza langileriaren beharren arabera antolatzea
Gehiengo sindikalak eta etxebizitza-sindikatuek aldarrikatu dute posible dela "guztiontzako kalitatezko etxebizitza bermatzea", baina "sakoneko" hiru aldaketa bultzatu behar direla horretarako: espekulatzaileen jabetzak espropiatzea; "jardun espekulatiboa debekatzea", eta "etxebizitza langileriaren beharretara antolatzea". Horrekin batera, baina, urgentziazko hainbat neurri jo dituzte beharrezkotzat: "etxegabetze guztien etetea eta etxebizitzaren prezioen jaitsiera", hala nola.
Tokiko patronala eta instituzioak errudun
Euskal Herriko patronala eta instituzioak ere seinalatu dituzte gehiengo sindikalak eta etxebizitza-sindikatuek. "Confebask eta CEN patronalak langileon prekarizazioa betikotzen jarraitzen dute, eta uko egiten diote hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari. Eta, etxebizitzaren eremuan, langileon bizitzen kontura aberasten jarraitzen dute", azaldu dute patronalaren inguruan.
Bestalde, zorrotz hitz egin dute erakunde publikoei buruz ere: "Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak zein askotariko udalek negozioa indartzen duten politikak egiten jarraitzen dute, nahiz eta instituzio horiek badituzten alor horretan eskumen zabalak". Horiek horrela, defendatu dute "errentisten aldeko politikak egiteari uzteko garaia" dela, baita "Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruan sakontzeko unea" ere.
"Ez dira zortzi hilabete 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra egin eta kaleak bete genituela. Egoera jasanezina da, langile-klasea pobretzen ari da enpresariek eta espekulatzaileek irabaziak handitzen dituzten bitartean. Horregatik, kaleak hartu eta erroko eraldaketak bultzatzeko unea da", azaldu dute. Azaroaren 11ko greba orokorra ortzi-mugan, laster emango dute xehetasun gehiagoren berri.