Luze doa Bizkaiko metalaren sektoreko gatazka, eta oraindik ez dute lan hitzarmena sinatu langileek eta patronalak. Hitzarmenaren faltan, beharginek hilabeteak daramatzate grebak eta mobilizazioak egiten. Testuinguru horretan, gaur, azaroak 6, protesta egin dute Barakaldoko (Bizkaia) BEC zentroan. Atarian elkarretaratzea egin dute lehenengo, eta gero, barrua sartzen ahalegindu dira, aldarrikapenak egiten jarraitzeko.
Ertzaintza berehala bertaratu da, eta borra kolpez, langileen protesta desegin du. Zentroan sartzea lortu duten manifestariak indarrez eta kolpeka atera dituzte bertatik. Sare sozialetan zabaldu dituzte hainbat bideo, eta langileek baieztatu dute ez dutela borroka etengo "hitzarmen duin bat lortu arte". Horretaz gain, FVEM Bizkaiko metaleko patronala, EAJ eta Ertzaintza jo dituzte egoeraren erantzuletzat.
Ertzainen etengabeko presioa
Gaur goizean BECen jazotakoak salatzeaz gain, langileek sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, joan den larunbateko protesta batean hainbat kide identifikatu zituzten poliziek. Ordutik telefono deiak jaso dituzte identifikatuak izan ziren beharginek, komisaldegira joateko esanez. Poliziaren presio moduak arbuiatu dituzte langileek, eta borrokarako deia egin dute beste behin.
Hortzak erakusten
Bizkaiko metalgintzako langileek pasa den udaren atarian hasi zuten borrokaldia, lan hitzarmen kolektiboaren alde. Maiatza amaieran izan ziren aurreneko greba egunak; ekaina hastearekin batera bigarren aldiz egin zituzten lanuzteak beharginek; eta ekaina erdialdean ere grebei ekin zieten berriz. Jarraipena handia izan zen deialdi guztietan; %80ekoa, gutxi gorabehera.
Herrialdean behargin gehien batzen dituen sektorea da: 50.000.