Apirilaren 28an bete da urte bat Vidaurre Group enpresak Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharreko Mercaderes 18ko maizterrei jakinarazi zienetik etxetik alde egin beharko zutela. Auzokideak, beren etxean gelditu nahi zutela-eta, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin antolatu ziren, eta, joan den azaroan salatu zutenez, enpresa presio-mekanismoak ari zen erabiltzen haiek kaleratzeko: arrazoirik gabeko obrak, igogailua geldiaraztea, komunikazio bortitza, etxejabeak ez betetzea berari dagozkion funtzioak... Aurtengo otsailean, ordea, Fernando Vidaurre enpresariak prentsari jakinarazi zion atzera egingo zuela blokean pisu turistikoak egiteko planarekin, eta saldu eginen zituela pisuak. Hori esanda, ordura arte ukatutakoa aitortu zuen: pisu turistikoak egin nahi zituelako bota nahi zituen auzokideak etxebizitza-bloketik, bizilagunek eta sindikatuek hasieratik salatu zuten modura. Horren aurka egindako borrokaren ondorioz, baina, asmo hori gelditzea lortu zuten.
Vidaurrek adierazi zuen "inorekin arazorik nahi ez" zuelako salduko zituela pisuak. Baina, hala ere, Mercaderes 18ko bizilagunen kontrako presio-mekanismoak erabiltzen jarraitu zuen astez aste. Joan den apirilaren 23an, auzokide batek salaketa bat aurkeztu zuen Fernando Vidaurreren aurka, eraso egin ziolako bai fisikoki bai hitzez, etxeko atariaren kanpoaldean. Gaur-gaurkoz, etxeak salgai badaude ere, enpresa da oraindik pisu gehienen jabea.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gogorarazi duenez, "antolakuntza sindikalari esker eta lehenengo mehatxuetatik urtebete igaro ondoren, auzokide batzuek beren etxeetan jarraitzen dute". Gainera, ia bi hilabete dira martxan dela higiezin-jazarpenagatiko salaketa bat Vidaurre Group konpainiaren kontra. Horren bidez eskatzen da, besteak beste, kautelazko neurri gisa, enpresak bere gain har ditzala konponketak eta egin beharreko beste jarduketa batzuk, hala nola igogailua berriz abian jartzea; izan ere, enpresa horrek nahieran piztu eta itzaltzen du hura, arrazoi teknikorik gabe eta bizilagunak kaltetuz. Duela gutxi, Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak esan dio sindikatuari kautelazko neurri horiek oraindik ez daudela eskatuta, antza, ez dutelako argi nor den haiek aplikatzearen arduraduna eta zer prozedurari jarraitu behar zaion.
Dena den, lanean segituko duela aldarrikatu du sindikatuak: "Antolakuntzari eta borrokari esker bakarrik lortuko dugu jabeen inpunitateari aurre egitea eta langile-klasearen interesak defendatzea". Iazko abenduan, manifestazio jendetsu bat egin zuten Iruñean, turismoaren negozioaren aurka eta Mercaderes 18ko bizilagunen alde.