Vidaurre Group enpresak pisu turistiko bihurtu nahi ditu Mercaderes kaleko 18. zenbakiko etxebizitzak, gaur egun bertan bizi diren pertsonak botata. "11 pisu turistiko gehiago, ofizialki 225 erregistratuta dituen auzo batean, non 30 etxetik bat turistikoa den", laburbildu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Arriskuan diren bizilagunek, ordea, borroka eginez erantzun dute, turismoaren negozioaren aurka antolatu baitira sindikatuaren eskutik.
Haiekin elkartasunez, ehunka pertsona mobilizatu ziren atzo Alde Zaharrean: 18:00etan hasi zen manifestazioa Errekoleten Plazatik, negozio turistikoaren aurkako aldarria auzo osoan barrena zabalduz, Mercaderesera iritsi arte. Hainbat aldarri egin zituzten manifestazioan zehar, eta kartelen edo pegatinen bidez seinalatu zituzten zenbait establezimendu turistiko. Mobilizazioaren bukaeran Mercadereseko bizilagunek hartu zuten hitza, eta eskerrak eman zituzten azken hilabeteetan jasotako "berotasun handiagatik". Esan zuten etxetik bota nahi zituztela jakin zutenean "argi" izan zutela "antolatzea eta borrokatzea" zela bidea: "Borroka hau etxebizitzaren negozioaren ondorioak jasaten ditugun guztiona da, eta etxebizitza jende guztiak bermatuta izan dezan uste dugun guztiona".
Kolektibo ugarik babestu zuten mobilizazio-deialdia, hain zuzen ere, Nahiko AZ, Alde Zaharreko Gazte Mugimendua, Alde Zaharreko GKS, Haritu, Berriozarko PAH, Martes Al Sol, Dar Etxea, PIM-MIG, Nafarroako Salhaketa, Nafarroako CGT-LKN eta Iruñeko CNTk.
Hamaika enpresa turismoaren kontura aberasten
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu zuenez, Mercaderesen gertatzen ari dena ez da salbuespen bat, "turismoarekin negozioa egiten dutenen mesedera jartzen den auzo-eredu baten adierazpen bat gehiago" baizik. "Kasualitatez, Mercaderes 18koak izan ziren Alde Zaharrean ireki ziren lehen pisu turistikoak, 2012an. Orduan, Hotel Avenidak kudeatzen zituen etxe turistiko horiek; orain Pozo Blanco kalean apartamentu turistikoz osatutako beste bloke bat kudeatzen duen hotel berberak", gogorarazi zuten sindikatuko kideek.
Alde Zaharrean bloke turistikoak kudeatzen dituzten enpresa gehiago ere aipatu zituzten, Hotel Tres Reyes, Tuapartamento eta Clabao kasu. "Guztiek zerbait dute amankomunean: etxebizitzak turismora bideratuta, oinarrizko behar batetik sekulako etekin ekonomikoa lortzen dute", zioen sindikatuak: "Turismoaren negozioan diharduten enpresek ongi dakite nola moldatu araudi berrietara, eta bestelako modalitate edo auzo batzuetara mugi ditzakete beren inbertsioak".
Udalak lizentzia eman zion Vidaurre Groupi
Pandemia garaian, ohiko alokairuko etxebizitza izatera bueltatu ziren Mercaderes 18ko pisuak, baina, iazko udan, horiek berriz ere pisu turistiko bilakatzeko lizentziak eskatu zituen Vidaurre Groupek. 2024 amaieran, etxebizitza turistikoak sortzeko lizentzia berriak etengo zituela esan zuen udalak (EH Bildu), baina tramitatzen ari ziren eskaerak onartu egin zituzten, Mercadereskoa eta Eslavako 13. zenbakikoa tartean.
"Zein ikuspegitatik izan daiteke onuragarria Mercaderes kalean Eslavakoa bezalako apartamentu turistikoen beste bloke bat irekitzea? Argi dago: negozioaren ikuspegitik, egitasmo horiek ez baitiote kalte besterik egiten auzoko langile-klaseari", seinalatu zuen Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Ohartarazi zuen, gainera, Alde Zaharrean ehunka plaza turistiko egon arren hoteletan nahiz aterpetxeetan, eskaintza handitzeko asmoa dagoela etengabe: "Mercaderes kalean bertan Unzu makrohostela ireki nahi dute datorren urterako, Alde Zaharreko establezimendu turistiko handiena izango litzatekeena, eta Iruñeko hirugarrena. Eta San Agustin kalean, Euskal Jai izan zenaren ondoan, Telmichi enpresak dagoeneko lizentzia dauka eraikin bat ostatu bihurtzeko".
Kaltetua langile-klasea da berriz
Sindikatuaren esanetan, ehunka etxe eta eraikin turismora bideratzen dituzten bitartean, 200 lagun baino gehiago daude kale-egoeran Iruñean, eta milaka daude "baldintza penagarrietan zein etxegabetze arriskuan". "Argi dago aipatu ditugun egitasmoek ez dietela langile-klasearen beharrei erantzuten, negozioa egiten duten horien diru-goseari baizik", gaineratu zuen: "Turismoaren negozioak, batzuentzat irabazi-iturri den arren, ondorio lazgarriak ditu langile-klasearengan; etxetik zein auzotik kanporatua izatea, pobretzea, lan-baldintza prekarioak, ingurune natural eta urbanoa degradatzea, zein sare eta espazio komunitarioen suntsipena dakartza".
Horiek horrela, sindikatuak aldarrikatu zuen "langile-klaseak izan behar duela etxebizitzen gaineko kontrola, inork ez dezan etekinik atera etxebizitzarekin eta tankerako oinarrizko beharrekin". Borrokara batzera deitu zuen, "etxebizitza kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala" izan dadin.