ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/08 07:51

Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharreko Mercaderes kaleko 18. zenbakian bizi diren pertsonek, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera, publikoki salatu dute eraikinaren jabea den Vidaurre Group enpresa presioa egiten ari dela maizterrei, beren etxebizitzetatik alde egin dezaten. Izan ere, enpresaren asmoa da blokeko 11 alokairu-pisuak apartamentu turistiko bihurtzea, erabilera-aldaketa horretarako udal-lizentzia lortu ondoren. Alokairu-kontratuak oraindik ere indarrean dituzten maizterren esanetan, enpresak jakinarazi die higiezina saltzeko asmoa duela, baina ez die horretarako benetako arrazoiari buruzko azalpenik eman.

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak bildutako datuen eta apartamentu turistikoen erregistroaren arabera, Mercaderes 18 izan zen Alde Zaharrean erabilera turistikorako erabili zen lehenengo eraikinetako bat, 2012ko abuztuan izan baitzuen lehen alta. Gero, hainbat urtez ohiko alokairura bideratuta egon ondoren, Vidaurre Groupek lizentzia berri bat eskatu zuen, berriz ere turismora bideratzeko. Joxe Abaurrea Hirigintza zinegotziak 2025eko otsailaren 19an eman zion lizentzia hori enpresari, Tokiko Gobernu Batzarraren martxoaren 31ko aktan jasotzen denez.

Mercaderes 18ren kasua ez da isolatua, dena den. Auzoan apartamentu turistiko berriak egiteko lizentziak behin-behinean eten dituzten arren, sindikatuak salatu du gora doala pisu turistikoen kopurua. Iaz, Alde Zaharrean bakarrik, 186 pisu turistiko zeuden auzoan, baina 216 dira aurten. Vidaurre Group enpresak, gainera, beste 57 apartamentu turistiko egiteko proiektu bat dauka martxan Ipar Etxabakoitzen.

Turismoaren negozioaren aurka antolatu

Vidaurre Groupek gauzatu nahi duen etxegabetzearen eta turismoaren negozioaren aurka, borrokari ekin diote Mercaderes 18ko bizilagunek, Iruñerriko Etxebizitzaren Sindikatu Sozialistarekin antolatuta. 

Sindikatuak salatu duenez, "Iruñean bizitzea pribilegio bihurtu da": "Langile-klasea bere auzotik kanporatzen ari diren honetan, etxejabeak negozioa egiten ari dira gure kaleekin". Horiek horrela, ohartarazi du "turismoaren negozioa zabaltzen" ari dela Iruñerrian, "zenbaitek etekin handiak ateratzen baititu harekin".

Hala ere, "txanponaren beste aldean", negozio horrek "ondorio larriak ditu langile-klasearengan eta ingurunean", sindikatuaren hitzetan: "Gure etxetik kanporatzen gaitu, gure bizi- eta lan-baldintzak prekarizatzen ditu, ingurunea hondatzen du eta espazio eta sare komunitarioa suntsitzen ditu". Beraz, Mercaderes 18ko bizilagunek egin bezala, turismoaren aurka antolatzera deitu dute sindikatuko kideek.

NO HAY COMENTARIOS