ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Aritzeta gasolindegia
2019/06/04 18:18

Pasa den maiatzaren 23an Aritzetako gasolindegian (Gipuzkoa) gertatu zen erasoa. Gasolindegiko langile batek erasoa geldiarazi eta Ertzaintzari deitu zion. Hala, salaketa aurrera eraman zuten.

Bilbotik (Bizkaia) Donostiarako (Gipuzkoa) bidean zirela, ustezko tirabira baten harira, gizonak gasolindegiraino jarraitu zuen erasotua. Behin hara iritsita, eraso egin zion. Biktimaren testigantzaren arabera, gasolina hornigailuaren parean gelditu orduko, han agertu zen beste kotxeko gidaria. Azken horrek kotxeko atea ireki eta lepotik heldu zion, erasotuaren hitzetan. Bera itotzen saiatu eta garrasika" hil egingo zuela" esaten ziola ere adierazi du. Era berean, erasoak bularrean eragindako lesioak aipatzen ditu bere testigantzan.

Hernaniko (Gipuzkoa) komisaldegian jarri zuten salaketa, gertaeren egun berdinean. Hurrengo egunean, maiatzak 24, biktimari aitorpena hartu eta urruntze-agindua aitortzen zioten ala ez ebatzi zuten. Epaileak ez zuen akusazioa onartu; "eraso arintzat" jo zuen gertakaria, eta urruntze-agindua baztertu zuen.

Erasotuaren abokatuak bi helegite aurkeztu zituen; bata epailearen ebazpenari, eta bestea, sexu-erasoa berriro aztertzea eskatzeko. Epaileak ez zuen errekurtsoa onartu, baina fiskalak mehatxuen kargua onartu zuen. Maiatzaren 29an izan zen epaiketa. Bertan, erasotuak dioenaren arabera, erasotzaileak onartu egin zituen bere aurkako karguak, hau da: "mehatxuak eta eraso arina", eta, ondorioz, 150 euroko kalte-ordainak eta urruntze-agindua.

Erasotuaren testigantzarekin bat eginez, Medeak talde transfeministak honakoa adierazi du idatzi baten bidez: “Erasoa ez ezik, ondoren bizi beharreko prozesu judizial gogorra ere salatu nahi dugu". Era berean, biktimak bizitakoa "eraso sexual edo gorroto-delitu bezala ez prozesatu izana" arbuiatu dute.