ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/01/10 09:30

Peajerik ez! Bizitzaren garestitzea gelditu. Lelo hori zeraman pankartaren atzean batu ziren atzo, urtarrilaren 9an, ehunka pertsona. Beasaingo (Gipuzkoa) kaleak hartu zituen aldarri horrek, iluntzean egindako manifestazioaren bidez. Deba Bailarako eta Goierriko Kontseilu Sozialistek deitu zuten mobilizaziora atzorako, azaroan elkarrekin hasitako dinamikaren barruan.

Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa da hurrengo asteartean, urtarrilaren 18an, bidesari berri bat ezartzea Beasain eta Bergara (Gipuzkoa) lotzen dituen A-636 autobidean. Ordainketa-sistema hori langileriaren bizimoduaren garestitze orokorrarekin lotu dute hasieratik bi Kontseilu Sozialistek, eta bidesaria langileriaren egunerokotasuneko "gastu bat gehiago" izango dela salatu dute. "Bidesaria salatzeaz gain, langileon bizimoduaren garestitze progresiboa salatzera atera gara, bidesaria adibide soil bat besterik ez baita", adierazi zuten atzokoan.

Azaroan abiatu zuten Peajerik ez! Bizitzaren garestitzea gelditu dinamika, eta ordutik, hamaika ekimen egin dituzte tokian toki; hala nola, dinamikan parte hartzeko batzar irekiak nahiz kontzentrazioak Goierriko nahiz Deba Bailarako hainbat herritan. Bi Kontseilu Sozialistek kokatu dute lan horren guztiaren emaitza modura atzoko manifestazio jendetsua.

Nabarmendu dute, gainera, langileriaren bizitzaren garestitzearen testuinguruan, horri aurre egiteko "modu eraginkor bakarra" dela "antolakuntza komunista indartzea eta sozialismoaren alde egitea".

Atzoko manifestazioko irudi gehiago, Twitterreko hari honetan

NO HAY COMENTARIOS