Gaur Gasteizko campuseko (Araba) Letren
fakultate aurrean bildu dira Ikasle Abertzaleakeko hainbat kide, joan
den martxoaren 24an campus horretan izan ziren atxiloketak salatzeko.
Hain zuzen ere, handik metro gutxira, 34 pertsona atxilotu zituen
Ertzaintzak, ikasle greba egunean hainbat fakultatetan egin ziren
piketeak zirela-eta. "Ohikoa denez, grebetan piketeak egiten dira. Egun
hartan, ordea, polizia bortxaz sartu zen Elurretara; ikasle asko
identifikatu eta atxilotu zituzten" salatu dute agerraldian.
Atxiloketa
horiek EHUko Arabako errektoreordetzaren eta errektoretza nagusiaren
erabakiz izan zirela esan du IAk. Seinalatu du "astakeria bat" dela
"pikete batzuk egiteagatik 34 atxilotu egotea". Unibertsitatea "campus
polizial" bilakatzen ari dela gehitu du, eta aurreko ostegunean
gertatutakoa "ikasleon greba oro kriminalizatzeko eta atxiloketak
normalizatzeko aurrekari oso arriskutsua" izan daitekeela dio.
Komunikabideen kriminalizazioa
Masa
komunikabideen "kriminalizazio saiakera" ere salatu dute IAko kideek.
Osteguneko gertaerak manipulatzea eta atxilotuen publikoki seinalatzeko
agertokia ahalbidetzea egotzi diete. Diotenez, "horixe da, komunikabide
burgesen funtzioa: errealitatea nahieran distortsionatzea".
Askatasun politikorik ez
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, azkeneko ikasle greban gertatutakoak erakusten du "EHUn ez dagoela askatasun politikorik ikasle antolakuntza independentearentzako, ezin baita politika askatasunez egin, une oro jazarpena badago". "EHU progresismoz mozorrotzen bada ere, halako egoeretan erakusten du bere benetako aurpegia: autoritarismoarena. Gizartearen joera autoritarioan sakontzea ahalbidetu du errektoretzak, horrelako ekintza errepresiboak onartuz jazarpenez aske behar lukeen lekuan: unibertsitatean", gaineratu dute.
Argitu
dute, bestalde, ezin dela "inola ere onartu" EHUk "gatazka politikoen
aurrean" polizia-indarrak baliatzea "irtenbide gisara". "Zer nolako
unibertsitatea da bere ikasleak masiboki atxilotzea baimentzen duena? 34
ikaslek egun osoa ziegan igarotzea baimentzen duena", galdetu dute.
Manifestazioa ostegunean