AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/03/28 16:38

Gaur Gasteizko campuseko (Araba) Letren fakultate aurrean bildu dira Ikasle Abertzaleakeko hainbat kide, joan den martxoaren 24an campus horretan izan ziren atxiloketak salatzeko. Hain zuzen ere, handik metro gutxira, 34 pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak, ikasle greba egunean hainbat fakultatetan egin ziren piketeak zirela-eta. "Ohikoa denez, grebetan piketeak egiten dira. Egun hartan, ordea, polizia bortxaz sartu zen Elurretara; ikasle asko identifikatu eta atxilotu zituzten" salatu dute agerraldian.

Atxiloketa horiek EHUko Arabako errektoreordetzaren eta errektoretza nagusiaren erabakiz izan zirela esan du IAk. Seinalatu du "astakeria bat" dela "pikete batzuk egiteagatik 34 atxilotu egotea". Unibertsitatea "campus polizial" bilakatzen ari dela gehitu du, eta aurreko ostegunean gertatutakoa "ikasleon greba oro kriminalizatzeko eta atxiloketak normalizatzeko aurrekari oso arriskutsua" izan daitekeela dio.

Komunikabideen kriminalizazioa

Masa komunikabideen "kriminalizazio saiakera" ere salatu dute IAko kideek. Osteguneko gertaerak manipulatzea eta atxilotuen publikoki seinalatzeko agertokia ahalbidetzea egotzi diete. Diotenez, "horixe da, komunikabide burgesen funtzioa: errealitatea nahieran distortsionatzea".

Askatasun politikorik ez

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, azkeneko ikasle greban gertatutakoak erakusten du "EHUn ez dagoela askatasun politikorik ikasle antolakuntza independentearentzako, ezin baita politika askatasunez egin, une oro jazarpena badago". "EHU progresismoz mozorrotzen bada ere, halako egoeretan erakusten du bere benetako aurpegia: autoritarismoarena. Gizartearen joera autoritarioan sakontzea ahalbidetu du errektoretzak, horrelako ekintza errepresiboak onartuz jazarpenez aske behar lukeen lekuan: unibertsitatean", gaineratu dute.

Argitu dute, bestalde, ezin dela "inola ere onartu" EHUk "gatazka politikoen aurrean" polizia-indarrak baliatzea "irtenbide gisara". "Zer nolako unibertsitatea da bere ikasleak masiboki atxilotzea baimentzen duena? 34 ikaslek egun osoa ziegan igarotzea baimentzen duena", galdetu dute.

Manifestazioa ostegunean

IAk dei egin du, beraz, "indarrak batzera", "unibertsitate eredu polizialarekin amaitzeko eta 34 atxilotuak aske geratzeko, inolako kargurik egotzi gabe". Ostegun honetarako, martxoaren 31rako, manifestazio batera deitu du: goizeko 11:00etan izango da, Elurretatik abiatuta. Atxilotuen erabateko absoluzioa eskatuko dute mobilizazioan, eta EHUren "jokabide autoritarioak" salatuko dituzte.

EZ DAGO IRUZKINIK