ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Euskal Herria Biziriken aurkezpena Gasteizen, urtarrilean.
2024/04/10 09:35

Joan den urtarrilean aurkeztu zuten Lurraren Defentsan Euskal Herria Bizirik sarea, Gasteizen (Araba). "Hainbat herri-mugimenduk eta plataformak" indarrak batuta sortu dute sarea, besteak beste, "natura eta landa-ingurunea suntsitzen dituzten makroproiektu andana baten inposaketari aurre egiteko". "Euskal Herrian gaurdaino iraun duten ekosistema naturalen eta sozialen babesa, defentsa eta kontserbazioa" ere hartu ditu helburutzat Euskal Herria Bizirikek.

Ekimena aurkeztean jakinarazi zuten jada hainbat hitzordu izango zirela hurrengo hilabetean. Azaldu zuten, esaterako, topaketa eta manifestazio nazional bat prestatuko zituztela apirilerako, Azpeitian (Gipuzkoa). Eta, hain zuzen ere, larunbat honetan izango da hori: egun osoko egitarau bat antolatu dute, tailer ugari, mahai-inguru bat eta mobilizazio bat barne hartuko dituena.

Egitaraua zehatz-mehatz

Larunbatean, beraz, Azpeitiko Plazan elkartzeko deia egin du Euskal Herria Bizirikek. 09:45ean izango da harrera, eta 10:00etan ekingo diete tailerrei. Lau saio egingo dituzte aldi berean: Euskal feminismoa lurraren defentsan, Krisi ekosozialaren testuinguruan agroekologiatik datozen ekarpenak lurreratzen, Biodibertsitatearen galerak: kausak eta ondorioak, eta Trantsizio energetiko korporatiboa eta megaproiektuak.

12:00etan, berriz, mahai-inguru bat izango da, hainbat gonbidaturen eskutik: parte hartuko dute Cincovillasen (Aragoi) lurraren defentsan aritzen den plataformak eta Ecoloxistas Galicia Atlantica e Verde plataformak. Saioa amaitzean, 14:30ak aldera, bazkaltzeko aukera egongo da.

Arratsaldean, manifestazio bat egingo dute Azpeitian bertan, lurraren defentsan. Plazatik irtengo da mobilizazioa, 18:00etan.

Lehen aldarria: gobernuen neurriak jopuntuan

Mobilizazio deialdia egitean, aldarrikapen nagusiak xehatu ditu Euskal Herria Bizirikek. Alde batetik, "instituzioak larrialdi ekologikoaren aurrean hartzen ari diren neurriak" salatuko dituzte manifestazioan. Antolatzaileen esanetan, gobernu guztiek eurenganatu dute "klima-larrialdiari aurre egiteko kapitalismo berdearen apustua", eta horren ondorio dira martxan diren askotariko legeak eta neurriak.

Besteak beste, EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan sektoriala aipatu dute, eta garrantzia berezia eman diote hori geratzeari, ohartarazita neurriaren asmoetako bat dela "berriztagarrien zabalpen masiboari" bide egitea. "Estrategia horrek ez du bizi dugun urgentzia ekologikoa gainditzea helburu, gutxi batzuen interes ekonomikoak defendatzea baizik", gaineratu dute.

Bigarren aldarria: ingurunearekin harremantzeko modua

Beste alde batetik, bigarren aldarrikapen nagusi modura, "larrialdi ekologikoaren aurrean" izaten ari den "natura-baliabideen suntsiketa sistematikoa" salatu du sareak. Suntsiketa horren "ondorio ekologiko eta sozialak" nabarmenak direla dio, bai eta "elikagaien ekoizpenean" duen "eragin zuzena" ere. "Urgentzia ekologikoaren aurrean neurriak hartzea" ezinbestekotzat jo du, baina azpimarratuta "zalantzan" dagoela "egun ezagutzen dugun egonkortasun ekologikoa" eta, hala, beharrezkoa dela "natura-ingurunearekin harremantzeko modua oinarritik aldatzea".

Arreta berezia jarri diote "biodibertsitatearen galerari", eta azaldu dute "lurraren defentsarako hautua" egin dutela haiek. Horri lotuta, esan dute "ezinbestekoa" dela "inposatu nahi dizkiguten makroproiektuei ezezko biribila ematea".

Hirugarren aldarria: gizarte-eredu berri bat

Azkenik, eta hirugarren oinarri nagusi gisa, "eredu ekonomikoaren ondorioz bizi dugun hondamendi ekologiko eta soziala" seinalatu du Euskal Herria Bizirikek. "Gutxi batzuen eskuetan aberastasuna metatzea helburu duen eredu ekonomikoak, kapitalismoak, natura-baliabideak modu masiboan ustiatzea eragin du", argitu du: "Horrek ondorio ekologiko eta sozial oso larriak ekarri ditu, munduko biztanleriaren zati handi bat pobrezia-egoeran izatetik, inoiz izan den ingurunearen eraldaketa handiena eta bizkorrena ezagutzeraino".

Gogorarazi dutenez, enpresek eta instituzioek, "hazkunde ekonomikoa helburu, klima-larrialdian aurkitu dute kapital-metaketaren dinamikari bultzada garrantzitsu bat eman ahal izateko aukera, herritarron oinarrizko bizi-baliabideen pobretzea gertatzen den bitartean". Hortaz, "gizarte-eredu hau oinarritik aldatzea" jo du beharrezkotzat sareak; "ekosistemen babesa, kontsumoaren eraldaketa eta ongizate soziala lehenesten dituen eredu bat" aldarrikatuta.

NO HAY COMENTARIOS