AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gaurko aurkezpena, Gasteizen.
2024/01/18 10:52

Urrats berri bat egin dute lurraldearen defentsan Euskal Herrian: euren "indarrak, ezagutzak eta ekintzak" batu dituzte "hainbat herri-mugimenduk eta plataformak", eta Euskal Herria Bizirik sarea sortu dute. Horren parte dira, hala nola, Makatzak Arratia, Interkonexio Elektrikorik Ez, Enkarterrian Makroeolikorik Ez, Oletan Ere Ez, SaƱu Bizirik, Andatza Ezkeltzu Bizirik, Mendietan Eolikorik Ez (Barakaldo, Bizkaia), Aiaraldeko Mendiak Bizirik, Araba Bizirik, Larramendiko Arnasa, Arabako Mendiak Aske, Karakate Bizirik, Haizeak Bizirik (Bortziriak-Malerreka, Nafarroa) eta Errezil Bizirik kolektiboak.

Besteak beste, "natura eta landa-ingurunea suntsitzen dituzten makroproiektu andana baten inposaketari aurre egiteko" arituko dira lanean, gaur Gasteizen (Araba) egindako aurkezpen-agerraldian jakinarazi dutenez. "Euskal Herrian gaurdaino iraun duten ekosistema naturalen eta sozialen babesa, defentsa eta kontserbazioa" ere hartu ditu ardatz gisa sare berriak.

"Euskal Herria Bizirik sarean helburu bat partekatzen dugu", aurreratu dute: "Ingurune naturalaren babesa, trantsizio energetiko deszentralizatuaren eta kudeaketa komunitarioaren defentsa, landa-eremu bizia eta funtzionala bermatzea nahiz, planetaren muga biofisikoak gainditu gabe, baliabide naturalen probetxuaren unibertsaltasuna, lankidetza, ondasun komunen zaintza eta erabakiguneen deszentralizazioa ezaugarri izango dituen gizarte baten alde aritzea".

Eredu ekonomiko oso bat eta baliabideen kontrola

"Egungo kontsumo neurrigabea eta etengabeko hazkundea oinarri dituen ereduaren ondoriotzat" jo dute, hain zuzen ere, "lurreko eta itsasoko habitatak suntsitzea eta atmosfera kutsatzea". "Eredu ekonomiko horren arau nagusia da ahalik eta diru-etekinik handiena sortzea, ingurumen- edo gizarte-arloetako osakinak kontuan hartu gabe", azaldu dute.

"Ekonomia-eredu horren eraginez, baliabideak gehiegi ustiatzeaz gain, elite korporatibo batek kontzentratzen eta kontrolatzen ditu biziari eusteko beharrezkoak diren baliabideak"

Eredu ekonomiko horren eraginez, "baliabideak gehiegi ustiatzeaz gain", "elite korporatibo bat" indartzen dela nabarmendu du Euskal Herria Bizirik sareak. Elite horrek "kontzentratzen eta kontrolatzen ditu biziari eusteko beharrezkoak diren baliabideak (ura, baso-baliabideak, haizearen indarra, eguzkia, laborantza-lurrak, haziak...)", eta horiek guztiak "merkantzia bihurtzen" ditu, salatu duenez. Modu horretan, baliabide horien "eskuragarritasuna baldintzatuta" dago "biztanle gehienentzat"; "eta okerragoa dena: biziraupen-baliabideak zentzuz eskuratzeko jendeok dugun eskubide naturala pribilegio bihurtzen dute".

Trantsizio berdearen iruzurra: indar ekonomikoak

Euskal Herria Biziriken esanetan, "sistema honek eragindako krisi ekosozialari aurre egiteko" orduan ere "jarduteko modu bakarra ulertzen dute indar ekonomikoek", eta hura "inposatzen jarraitu nahi dute". "Trantsizio energetikoaren aitzakia faltsuarekin, jendarteak aspalditik eskatzen duen aldaketaren inguruan nahasmendua sortu eta ziria sartu nahi digute", kritikatu du: "Trantsizio berdea deitzen diote, baina berdea, beren espekulazio-jokoekin poltsikoratu nahi duten diruaren kolorea baino ez da".

"Trantsizio berdea deitzen diote, baina berdea, beren espekulazio-jokoekin poltsikoratu nahi duten diruaren kolorea baino ez da"

Hala, hori guztia "fartsa bat" dela salatu du gaur aurkeztutako sareak: "Erregai fosilen agortze nabarmenaren aurrean, eliteen negozio-eredua salbatzea eta berrantolatzea baino ez da haien asmoa". Horretarako, "eredu desarrollistaren makineria elikatzen segitzeko ezinbestekoak diren merkatu-esparru berriak eta sakrifizio-lurralde berriak" bilatzen dituzte, ohartarazi duenez. "Enpresa transnazional horiek, nazioarteko inbertsio-funtsen esku daudenak, beren negozio-ereduari eusteko behar dituzten sakrifizio-lurraldeak seinalatzen dituzte [...], eremu horietako errealitate ekosoziala mespretxatuz", erantsi du.

"Enpresa transnazional horiek, nazioarteko inbertsio-funtsen esku daudenak, beren negozio-ereduari eusteko behar dituzten sakrifizio-lurraldeak seinalatzen dituzte"

"Betiko gobernuak", gainera, horren konplize direla seinalatu du Euskal Herria Bizirikek: "Korporazio horiei bidea erraztearren, ingurumena babesteko eta lurraldea antolatzeko legeak hutsaltzen eta saihesten dituzte, haien ekintzek lege-babesa izan dezaten".

Askotariko gobernuen konplizitatea

Euskal Herria Bizirikek gogorarazi du, esaterako, itxuraz laster onartuko duela Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea Eusko Jaurlaritzak. Gogoan izan du Energia Berriztagarrien Lurralde Plan sektorialaren iruzurra ere: "Lurraldea arpilatzeko asmoz, enpresek aldez aurretik seinalatu dituzten eremuak legez ezarri nahi ditu". Aipatutako konpainia suntsitzaile horiei guztiei, gainera, Europako Next Generation funtsen bidez dirulaguntzak ematen dizkietela ohartarazi du Euskal Herria Bizirikek.

"Korporazio horiei bidea erraztearren, ingurumena babesteko eta lurraldea antolatzeko legeak hutsaltzen eta saihesten dituzte [gobernuek], haien ekintzek lege-babesa izan dezaten"

Gobernuek babesten dituzten planek eurekin dakarte "sakrifizio-lurralde berriak harrapatzea", sareko kideen esanetan, "makroberriztagarrien ereduak ezinbestean behar dituen material kopuru izugarriez jabetzeko, atzerabueltarik gabeko kalteak eraginda". "Lehengaien erauzketak eta azpiegitura erraldoi horien eraikuntzak", "erregai fosilen menpekoa izateaz gain", "biztanleen nahitaezko desplazamendua eragiten duen kolonialismo energetiko berri bat" sortzen du, xehatu dutenez.

"Horiexek dira, laburrean esanda, Europako Batasunak, Espainiako eta Frantziako gobernuek, Nafarroakoak eta Euskadikoak, eredu ekonomiko horren zaindari diren erakundeek, bultzatzen duten trantsizio energetiko faltsuaren oinarriak", gaitzetsi du Euskal Herria Bizirik sareak. "Norabide horretan datoz laborantza-lurren emankortasuna galbidera daramaten eta gaixotzen gaituzten nekazaritza-politikak, etxebizitza eskubidea turistentzako lehenesten dutenak, gure mendiak zementatzen azpiegitura-lan handiak (Abiadura Handiko Trena) nahiz botere-gune neuralgikoak lotzen dituzten goi-tentsioko dorreen lerro berriak edo itsaspeko kableak, ingurumena kutsatzen duten erraustegiak, eta abar", argitu du.

Deialdiak datozen hilabeteetarako

Berehalako zeregin gisa, "makroproiektuen aurkako borroka ezinbestekoa eta urgentea" dela nabarmendu du Euskal Herria Bizirikek. Horri lotuta, hainbat deialdi egin ditu datozen hilabeteetarako. Martxoaren 20an izango da aurreneko hitzordua: Wind Europe kongresua izango da hilabete horretan Barakaldoko (Bizkaia) BECen, industria eolikoari buruz, eta, horren atarian, kongresuaren kontrako hainbat protesta egingo dituztela jakinarazi dute.

"Makroproiektu guztien aurkako borroka ezinbestekoa eta urgentea da"

Apirilaren 13an, bestalde, manifestazio nazional bat izango da Azpeitian (Gipuzkoa). Egun berdinean, topaketa nazional bat egingo dute "lurraren defentsan diharduten taldeek eta jendeek". Maiatzaren 26an, berriz, mendi martxa nazional bat egingo dute Kolitza mendira, Balmasedatik (Bizkaia) hasita.

EZ DAGO IRUZKINIK