Euskal Herriko preso politikoen aurkako gradu erregresiorik agindu gabe ia urtebete igaro ondoren, berriz ere jarrera berdina hartu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak. Izan ere, helegite bat aurkeztu du Xabier Zabalori ezarritako hirugarren graduaren kontra, eta, horren ondorioz, kartzelara itzularazi dute. Zaballan (Araba) espetxeratu dute berriz, bigarren graduan.
Iazko abenduan, Zaballako tratamendu batzordeak Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailari proposatu zion Zabalo hirugarren graduan sartzea, eta Jaurlaritzak joan den otsailean eman zuen ontzat eskaera. Aipatutako fiskaltzak, ordea, atzo bertan jarri zuen helegitea, eta behin-behinean espetxera itzuli behar izan zuen presoak, Espainiako Auzitegi Gorenak 2022an agindu baitzuen behin-behineko neurri hori har dadila halako kasuetan. Orain, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak ebatzi beharko du auzia.
Aurrez ere, hamaika aldiz aplikatu ditu euskal preso politikoen aurkako gradu erregresioak Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak, baina duela ia urte bat izan zen azken aldia, 2024ko martxoan: orduan, Joseba Borde eta Juan Karlos Subijana preso politikoak itzularazi zituen kartzelara, hirugarren gradua kenduta. Borde aske dago jadanik, osorik bete baitu zigorra, eta Subijana etxean ari da zigorra amaitzen.