ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/14 13:08

Kalean dirua eskatzea debekatu nahi du Suediako Gobernuak. Suediako Demokratak (DS, suedieraz) alderdiaren azken aldarrikapen nagusietako bat izan da eskaletasuna debekatzea: moderatuekin eta liberalekin gobernua osatzeko baldintzetako bat izan zen neurri hori, besteak beste. Baldintza horien artean, gainera, pertsona migranteak kanporatzeko pizgarri ekonomikoak ezartzea aurreikusi du gobernuak. Orain, urte luzez eskaleak eta pertsona migranteak kriminalizatzen aritu ondoren, pobrezia ikusezin egin nahi dute.

Alderdi faxistako bozeramaile Linda Lindbergek neurria defendatu du berriz, bere hitzetan, "ona eta guztiz beharrezkoa" delako. "Eskaletasuna ezohikoa zen Suedian, 2010ean Europar Batasuneko beste herrialdeetako hiritarrak eskean ibiltzera etorri zirenera arte", esan du. Eta kalean dirua eskatzea, gainera, "delitu larriago eta sistematikoagoekin" lotu nahi izan du faxistak.

Kalean eskatzea debekatu ahal izateko oinarri legala ikertuko du orain gobernuak "adituen batzorde" deitzen duenak: hurrengo bederatzi hilabeteetan eskaletasuna legez kanpo uzteko pausoak aztertuko ditu. 2025eko ekainaren amaieran aurkeztuko dute lege-proposamena, aurreikuspenen arabera.

Debekua bultzatzen saiatu dira jada

Eskaletasuna debekatzeko ahaleginak, hala ere, ibilbide luzeagoa du. Eta, neurri hori justifikatzeko, pertsona migranteen aurka egin ohi dute alderdi faxistek eta kontserbadoreek. Adibidez, 2007an Errumania eta Bulgaria Europar Batasunean sartu zirenean, horietako biztanle batzuk Europako beste herrialde batzuetara lekualdatu ziren, tartean, herrialde eskandinabiarretara. Faxistek diote eskale kopurua handitu zela Suedian garai hartan, eta DS bezalako alderdiek ideia hori baliatzen dute, pertsona eskaleen eta migranteen aurkako adierazpenak egiteko.

Hala, alderdi faxistaren gorakadarekin batera, eta hark bultzatuta, 2014an Suediako agenda politikoko eztabaidagai nagusietako bat bilakatu zen kalean eskatzeari buruzkoa. Eztabaida berpiztu zuten faxistek 2015ean, Suediara hilabete gutxian 180.000 errefuxiatu inguru mugitu zirenean.

4.000 koro ordaintzea, kalean eskatu ahal izateko

2018tik aurrera, Suediako hainbat hiritan ezarri dituzte kalean eskatzeari buruzko nolabaiteko debekuak. Täbyn, esaterako, eskaletasuna debekatzen saiatu zen udal gobernua, nahiz eta epaitegiek atzera bota zuten neurria. Hala ere, hiriko hainbat zonaldetan dirua eskatzea debekatu zuen udalak, eta beste eremu batzuk gehitu zituen aurtengo otsailean, merkatal-guneetako inguruak, bereziki.

Eskilstunan, berriz, baimen ofizial bat behar da kalean eskatu ahal izateko. Hiru hilean behin, 4.000 koro (21 euro inguru) ordaindu behar dituzte kalean eskatu nahi dutenek, hori egitea baimentzen duen dokumentu baten truke.

NO HAY COMENTARIOS