Ir al contenido
ACTUALIDAD / Azaroak 11: greba orokorra

"Ezin dugu ezer espero egoera honetara ekarri gaituztenen partetik", ohartarazi du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Azaroaren 11ko grebak erakutsi zuen "etxebizitza eskuragarriaren aldeko aldarrikapenak eta espekulazioaren aurkakoak babes zabala duela", Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren esanetan, eta jakinarazi du lanean jarraituko duela "kaleetatik eta militantziaren bidez", "langile-klasearen pobretzearen aurka eta guztiontzako etxebizitza bermatzeko".
2026eko azaroaren 13 - 09:14
"Ezin dugu ezer espero egoera honetara ekarri gaituztenen partetik", ohartarazi du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak
Bilboko manifestazioa azaroaren 11n.

ACTUALIDAD

Asteazkeneko greba orokorrean ehunka milaka lagun mobilizatu ziren etxebizitza-eskubide bermatua aldarrikatzeko, eta Hego Euskal Herrian urteetan izandako mobilizazio handienak ikusi ziren hiriburuetan eta 70 herritan baino gehiagotan. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak bart argitaratutako balorazio-oharrean, nabarmendu du azaroaren 11n ikusitakoak erakusten duela "etxebizitza eskuragarriaren aldeko aldarrikapenak eta espekulazioaren aurkakoak babes zabala duela". "Espekulatzaileen eta horien babesle diren alderdi politikoen aurkako indar erakustaldi handia izan zen", aldarrikatu du.

"Espekulatzaileen aurka bete genituen Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleak goizean eta herrietakoak arratsaldean. Manifestazio horietan plazaraturiko aldarrikapenak argiak izan ziren: espekulazioa debekatzea, espekulatzaileak espropiatzea eta etxebizitza langile-klasearen beharren arabera planifikatzea", ekarri du gogora Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.

Alderdi politikoen erantzukizuna etxebizitzaren arazoan, kriminalizazioa eta grebaren erabilera alderdikoia

Sindikatuak azaldu du, horrekin guztiarekin batera, "alderdi politikoek arazoan duten erantzukizuna" jarri zela mahai gainean asteazkeneko manifestazioetan, baita EAJk gidatuta azken asteetan grebaren kontra izan den "kriminalizazio-kanpaina" ere. "Beste behin ere grebaren eta horren atzean geunden mugimenduen aurka lokazten ahalegindu ziren, horrela gure aldarrikapenak ezerezean uzteko, baina ez zituzten beraien helburuak bete", diote sindikatutik.

Aldi berean, nabarmendu dute greba-egunean ez zitzaiela utzi gobernuko alderdiei "beraien burua zuritzen". Espainiako Gobernuaren kasuan, "PSOEren gobernuak etxebizitzaren negozioa handitzeko politikak babestu" dituela gogorarazi du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak; eta Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren edo lekuan lekuko udal-gobernuen kasuan, ez dutela "etxebizitzaren arazoa konpontzeko inolako neurri eraginkorrik hartu". "Toki guztietan etxebizitzaren arazoak okerrera egiten jarraitzen du".

Hortaz, hainbat alderdi instituzional greba euren interes alderdikoietarako baliatzen saiatu izana salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: "Ez da onargarria gobernuko alderdiak greba beren interes elektoralen alde erabiltzen saiatzea. Are gutxiago, gobernuko alderdiak zein eskuinekoak, biak, arazoaren parte diren heinean".

Etxebizitza-sindikatuen lana balioan

Horiek horrela, sindikatuak uste du "langileriaren antolakuntza independentean aurrerapausoak emateko helburua" bete zuela azaroaren 11ko grebak, eta Euskal Herriko etxebizitza-sindikatuek azken urteetan eta azken asteetan egindako lana goraipatu du: "Ehunka pertsona batu dira greba antolatzeko sortu ditugun asanblada eta komiteetara, urte guztian zehar egindako lanari jarraipena emanez. Lan militante hori guztia balioan jarri behar dugu eta zuzeneko zerikusia izan du grebaren jarraipenean".

"Langile-klasearen arazoa egiturazkoa da eta ez da etxebizitzara mugatzen, nahiz eta pobretzearen adierazle nagusietako bat izan", adierazi du. Iritzi dio, hala, "bizitzaren garestitzea, zerbitzu publikoen okertzea eta autoritarismoaren gorakada krisialdi beraren adierazpenak" direla, eta "modu integralean" egin behar zaiela aurre.

"Hemendik aurrera ere kaleetatik eta militantziaren bidez jarraituko dugu lanean, langile-klasearen pobretzearen aurka eta guztiontzako etxebizitza bermatzeko. Ezin dugu ezer espero egoera honetara ekarri gaituztenen partetik", seinalatu du. Horiek horrela, etxebizitzaren aldeko borrokara batzeko deia luzatu dio "langile-klaseko kide orori", greba-egunean errepresio poliziala jasan zutenei elkartasuna adierazi eta euren kargugabetzea exijitzearekin batera.