ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/03/15 20:43

Gazte Koordinadora Sozialistak hainbat adierazpen atera ditu argitara gaur, martxoak 15, Covid-19 birusaren hedapenak mundu mailan sortutako "osasun-larrialdia eta koiuntura ekonomiko, politiko zein soziala" dela-eta.

Lehenik, azaldu du "agerian" geratu dela "ondorio kaltegarriak" dituela "jakintza zientifiko-espezializatua burgesiaren kontrolpean egoteak". "Mundu osoko milaka aditu dabiltza birus kutsakor eta arriskutsuak maneiatzen bio-segurtasuneko laborategi biologikoetan, birus horietako bat koronabirus deiturikoa izaki. Laborategi horiek burgesiaren zenbait instituziok finantzatzen dituzte, eta askotan, guda kapitalistetan arma biologiko modura erabiltzeko organismoak sortzea dute helburutzat", argitu dute GKSko kideek.

Hala, zehazki Covid-19 birusaren "benetako jatorria ezezaguna" bada ere, "burgesiak mundu mailako osasun-arazo bat sortu duela" seinalatu dute, "eta momentuz, ezin diola egoerari irtenbiderik eman".

ERRUDUNIK ETA ARDURADUNIK EZ

Dagoeneko milaka pertsona hil badira ere, dirudienez "errudunik eta arduradunik ez dagoela" salatu dute. "Larrialdi egoera honen arduradun nagusiek gizarte osoari egia esatea" zor dietela azpimarratu du GKSk. Egia, hiru zentzutan: "zein diren mundu mailako osasun-arazo honen kausak", "zein izango diren aipatutako birusak ekarriko dituen osasun-ondorio errealak", eta "zein helburu ezkutatzen diren burgesia ezartzen ari den neurri multzoen atzean".

NEURRI BORTITZAK

"Indarrean jartzen ari diren neurri ekonomiko, politiko eta sozialen atzean langile klasearen aurkako klase-ofentsiba bortitza suma daiteke", GKSren esanetan. Adibide modura aipatu dituzte langile kaleratzeak, Enplegu-Erregulazioko Espedienteen eta Aldi Baterakoen gorakada, lanpostuen prekarizazioa, lan baldintza arriskutsuetan derrigorrez lan egin behar izatea, greba eskubidearen urraketa, Poliziak eta Armadak kalea hartzea, oinarrizko eskubide eta askatasun zibilen urraketa, informazioaren ezkutatzea, eta abar.

"Langileriaren bizi eta lan baldintzak kolpatzearen eta klase ofentsibaren jarraipenaren aurrean, gure babes osoa langile klaseari emango diogula adierazi nahi dugu, burgesiari eta bere neurriei aurre eginez", nabarmendu dute koordinadorako kideek.

TOPAGUNEA BERTAN BEHERA

Horrekin batera, "jendearen bizitzak defendatzeko eta pandemia gelditzeko modu arduratsuan jardungo" dutela jakinarazi dute. "Masa jarduerak" bertan behera utziko dituzte momentuz; esaterako, Ikasle Abertzaleakekin batera apirilerako antolatutako Gazte Sozialisten Topagunea.

GIZARTE EREDU KAPITALISTAREN GAINDITZEA

"Sozialdemokraziaren programa eta agenda politikoaren izaera akritikoa berriro ere agerian geratu" dela salatu du GKSk, "larrialdi egoeraren aurrean estatu burgesen esku hartze ahalik eta egokiena lortzera mugatu" delako, birusaren "kausak eta erantzuleak konfrontatu" beharrean.

Kontrara, "halako muturreko koiunturek mundu mailako gizarte eredu kapitalista gainditzeko beharra eta urgentzia erakusten digutelakoan" dago koordinadora. "Aberastasun kopuru izugarriak metatzeko helburua baino ez duten kapital-blokeen gizarte eredu burgesak honelako arazoak sortzen ditu behin eta berriz, eta ez da gai horiei irtenbide bat topatzeko", dio.

Izan ere, "milioika pertsonen proletarizazioa, pobretzea eta heriotza, ekosistemen suntsitzea, larrialdi klimatikoa eta egungoa bezalako mundu mailako osasun-larrialdi egoerak", "mundu mailako sistema kapitalistaren ondorio" direla azpimarratu du.

"Bien bitartean, oligarkiak ekoizpen prozesu masiboekin dihardu eta lurraldearen gaineko kontrol zuzena hartzen ari da, sozialdemokraziak bere ezintasuna agerikoa egiten du uneoro eta langile klasea, estrategia komunistan oinarritutako antolakuntza integralaren gabezian, ofentsiba ekonomiko, politiko eta soziala pairatzera kondenatuta dago".

NO HAY COMENTARIOS