ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Iazko asanblada bat. Argazkia: Iruñerriko IAS
2020/05/02 15:21
Aurrera doaz, salbuespen egoeran, tokian tokiko ikasle autodefentsa sareek eta Ikasle Abertzaleakek ikas baldintzen defentsan aktibatutako lan ildoak. Eskualde bakoitzeko egoerak berezitasunak izan arren, aurrerapausoak eman dituzte hainbat lekutan. Testigantzak biltzen eta ikasleen artean galdetegiak pasatzen jardun ostean, aldarrikapen zehatzak aurkeztu dituzte zenbait ikastetxetan, eta kasu batzuetan, lehen elkarrizketak hasi dituzte heziguneetako zuzendaritzekin.


BIDASOA

Salbuespen egoeran ezarri diren neurriek ikasleengan izan duten eragina aztertu dute Bidasoan (Gipuzkoa) ere. Inkesten bidez lortutako emaitzei erreparatuta, IAko taldeak ohartarazi du "informazio falta" eta "ziurgabetasuna" nabarmentzen dituztela ikasle gehienek, baita irakaskuntza metodo digitalizatuaren "eraginkortasun eza" ere. Ikasle ugarik aitortu dute "irakasleek ez dietela erantzukizun handirik erakutsi", eta egoera ekonomikoak hainbat familiatan sortutako "tensio handia" ere izan dute gogoan.

Horrenbestez, problematika horiei loturiko hiru eskakizun aurkeztu ditu Bidasoako IAk:

  1. Ebaluazio irizpideei dagokien informazioa zehaztea: ikasturtea nahiz selektibitatea aurrera atera ahal izateko irizpideak moldatzea eta horien nolakotasuna adostea.
  2. Ebaluazioa modu positiboan baloratzea: beharrezko edukiak modu egokian jasotzea ezinezkoa denez, notek behera egitea ekiditeko esku hartzea.
  3. Lan karga murriztea: ikasleek etxeko egoerari lotuta izan ditzaketen bestelako zereginak eta arazo horiei erantzuteko premia kontuan hartzea.

IRUÑERRIA

Iruñerriko Autodefentsa Sareak jakinarazi duenez, abiatutako borrokaldiak lehen emaitzak izan ditu jada. Galdetegietatik eta testigantzetatik erauzitako ondorioekin hainbat eskakizun zehatz egin zituen IASek, eta neurriok negoziatzeko, elkarrizketari ekin zioten Barañaingo (Nafarroa) Alaitz ikastetxeko zuzendaritzarekin. Momentuz, honako moldaketak adostu dituzte bost arlotan:

  1. Lan karga: irakasleek, klasean egingo liratekeen ariketen kopurua eta lan bolumena errespetatu beharko dituzte.
  2. Harremana eta komunikazioa: irakasleek aste osorako plangintza modu antolatuagoan bidali beharko dute, ikasleen zalantzak argitzeko ordutegi bat finkatuko dute eta bideodeietan sartzen ez diren ikasleek ez dute zigorrik jasoko.
  3. Orientazioa: zalantzak galdetzeko orientazio saio bat izango dute ikasleek.
  4. Azterketak: ikasleek irakaslearekin batera adostu ahalko dute ebaluaziorako metodoa.
  5. Material falta: ikasleren batek edukiak lantzeko materiala fisikoki ez badu, classroom-ean eskuragarri jarri beharko dira liburuen edukiak azaltzen dituen dokumentu edo bideo bat. Ikasle guztiek zuzenketak egin ahal izateko, emaitzek ere egon beharko dute plataforma digitalean.

LIZARRALDEA

Lizarraldeko IAk eta Lizarraldeko Ikasle Autodefentsa Sareak ohar bat argitaratu dute, ikastetxeek "jaramonik egin ez diela" salatzeko. Aipatu dutenez, Lizarrako (Nafarroa) Ikastolako eta Lizarraldea BHIko zuzendaritza taldeei e-mailez helarazi zizkieten eskualdean osatutako inkestaren emaitzak. Dena den, "ez dute berririk izan" haien partetik, eta dagoeneko zenbait neurri ezarri dituzte "ikasleen hitza kontuan hartu gabe".

Ikasle eragileek "errespetu falta" egotzi diete zentroetako arduradunei, eta planteamenduarekin aurrera jarraitzeko asmoa adierazi zute, "hobekuntza errealak lortzeko" bidean. Mezu berri bat bidaliko diete zuzendaritzei, lortutako sinadura guztiekin batera, "ikasle gehienen babesa dutela" erakusteko.

AZPEITIA

Azpeitian (Gipuzkoa) ere testigantzen eta inkestetan bitartez jasotako emaitzak argitaratu ditu Azpeitiko Ikasle Autodefentsa Sareak. Ondorio nagusien arabera, ikasleei "lan karga handitu zaie", euren iritzia "ez dute ezertarako kontuan hartu", "infomazio faltan" aurkitzen dira, hartutako erabakiak "euren kalterako" izan dira eta, edukia barneratzeko, "hainbat zailtasun" topatu dituzte.

Hala, sei eskaera luzatu dizkiete herriko ikastetxeetako zuzendaritzei:

  1. Ebaluazio irizpideak aldatzea: hirugarren ebaluazioa lanen bidez kalifikatzea eta ez dadila inoiz nota jaisteko izan.
  2. Ikasleen baldintzetara egokitzea: teknologiarekin izan ditzaketen arazoak kontuan izatea.
  3. Orain arte erabilitako online bidezko kontrolen sistema aldatzea edo kentzea: askotan kaltegarria suertatu zaie, denbora falta eta presioa direla medio.
  4. Berreskurapenak egiteko aukerarik ez kentzea: klase presentzialetara itzuli ezean, lan desberdinen bidez berreskuratu ahal izatea.
  5. Data berriak zeintzuk izango diren lehenbailen zehaztea: azterketak ez badira bertan behera gelditzen, behintzat, horien datak denboraz jakinaraztea.
  6. Komunikazioa: ikasleen iritzia aintzat hartzea erabakiak hartzerakoan.

TESTIGANTZAK JASOTZEN

Bestalde, Donostiako (Gipuzkoa), Gasteizko (Araba) eta Aiaraldeko (Araba eta Bizkaia) ikasleak ere testigantzak biltzen hasi dira.

NO HAY COMENTARIOS