ACTUALIDAD / Represión

Bi pertsona atxilotu dituzte Irunen "terrorismoa" leporatuta

Badirudi Auzitegi Nazionalaren esku utziko dituztela axilotuak, euren burua Irungo komisarian aurkeztu ondoren.
2026eko urriaren 18 - 17:19
Bi pertsona atxilotu dituzte Irunen "terrorismoa" leporatuta
— ARGAZKIA Onda Vasca

Hainbat hedabidek atzo jakinarazi zuten bi pertsona atxilotu zituela Ertzaintzak Irunen (Gipuzkoa), "terrorismo" delitu bat egotzita. Biak euren erabakimenez bertaratu ziren atzo Irungo komisariara, abokatu batek lagunduta, eta bertan atxilotu zituzten. Itxura denez, Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utziko dituzte "lehenbailehen".

Irailaren 26an, Eskoriatzan (Gipuzkoa) gelditu omen zituen bi pertsona horiek (eta hirugarren bat) Ertzaintzak, kontrol batean, eta "material oso delikatua" topatu omen zieten. Hainbat hedabidek diote polizia-indarrei eta agenteei buruzko informazioa dagoela material horren barruan, baita "ustez armak eta lehergaiak dituen toki bat" aurkitzeko informazioa ere. Hala ere, argitu ez diren arrazoiak direla-eta, haiek aske uztea erabaki zuen Ertzaintzak duela hiru astetik gora izandako kontrol horretan.

Kontakizun polizialaren arabera, irailaren 26an hiru pertsona horiei aurkitu zieten materiala zela-eta, Auzitegi Nazionalarengana jo eta ikerketa bat ireki omen zuen Ertzaintzak. Ikerketaren nondik norakoak ez daude argi momentuz.