ACTUALIDAD / Vivienda

Miguel de Unamunoko hezkuntza-komunitateak salatu du etxegabetze arriskuan daudela sei ikasle

BHIko irakasle, ikasle eta familia ugari bildu ziren atzo Gasteizen, "Ikaslerik ez etxebizitzarik gabe" aldarrikatzeko. Sei adingabe dituen familia bat etxegabetua izateko berehalako arriskuan dago, urriaren 23an bota nahi baitituzte euren etxetik.
2026eko urriaren 16 - 07:49
Miguel de Unamunoko hezkuntza-komunitateak salatu du etxegabetze arriskuan daudela sei ikasle

Agerraldi indartsu bat egin zuen atzo Gasteizko Miguel de Unamuno ikastetxeko hezkuntza-komunitateak, urriaren 23rako ezarrita dagoen etxe-kaleratzearen harira: izan ere, eskola horretako hiru ikasle eta Abendaño HLHIko beste hiru (seirak familia berekoak) etxegabetuak izateko berehalako arriskuan daude. Horiek horrela, aldarri argi bat egin zuten atzo Miguel de Unamunoko irakasle, ikasle eta familiek: Ikaslerik ez etxebizitzarik gabe.

"Ezer aldatzen ez bada, hemendik astebete eskasera kale gorrian geratuko dira bi heldu eta sei adin txikiko, horrek dakartzan ondorio lazgarri guztiekin", salatu zuten atzoko agerraldian: "Gure ikasleen ongizatea eta hezkuntza jasotzeko eskubidea bermatu ahal izateko, etxegabetzea etetea eta familiari kalitatezko alternatiba bat eskaintzea exijitzen dugu". Hurrengo ostiralerako dago finkatuta desalojoa, Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak aurreko astean ohartarazi zuenez. Horiek horrela, mobilizazio-deialdi bat dauka egina jada egun horretarako: 09:30ean elkarretaratzera deitu du (Av. de los Huetos, 28. zenbakia), kaleratzeari aurre egiteko.

Miguel de Unamonoko hezkuntza-komunitateak atzo seinalatu zuen, gainera, berehalako arriskuan dagoen familia honena ez dela "kasu isolatu" bat: "Duela pare bat aste, oso baldintza antzekoetan, Abendaño ikastolako eta gure ikastetxeko bi seme-alabako beste familia bat ere etxegabetua izan zen. Haiei ere ez zitzaien inolako alternatibarik eman". Hortaz, familia horrentzat ere bizitoki-alternatiba bat exijitu zuten, etxegabetze ororen aurkako aldarri ozen bat eginez.