Ikasle Abertzaleakek manifestazioak antolatu ditu hilaren 22rako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan hainbat sindikatuk egindako greba deialdiaren testuinguruan. "Hezkuntzako sektore publikoak bizi duen egoera salatzeko eta gure irakurketa plazaratzeko probestu nahi genuke apirilaren 22a", azaldu du IAk.
Mobilizazioak Gasteizen (Araba), Bilbon (Bizkaia) eta Donostian (Gipuzkoa) gauzatuko dira, Langile klasearen hezkuntzarako sarbidea defendatu! leloari jarraiki. 11:00etarako finkatu dituzte hitzorduak, Elurretan, Sarrikon zein Ibaetako Aularioan, hurrenez hurren.
"Kalitatezkoa,
doakoa eta unibertsala izango den hezkuntza eredua" aldarrikatuko
dute ikasleek hiru hiriburu horietan. Bestalde, osasun-egoeraren
aldaketak tarteko, "mobilizazioen forma zein
datak alda daitezkeela" ohartararazi
dute IAko kideek.
"Ikasle Abertzaleaken komunikazio-bideetara adi
egoteko" eskatu dute, horietan
jakinaraziko baitute mobilizazioen
gaineko aldaketa oro.
EGITURAZKO FUNTZIOA
Proletariotzaren ikasteko eskubidea historikoki "borroka gogor zein luzeen bitartez" lortu dela ekarri du gogora IAk. Lorpen hori, antolakundearen esanetan, "oso garrantzitsua" izan da langile klasearentzat; bere mesederako jakintza determinatu bat metatu ahal izatea edota lan-indarraren balioa igotzea bezalako aspektuak "kualifikazioaren ondorio" direla azaldu baitu.
Dena den, ikasketa prozesua langileriarentzat "beharrezkoa bezain kaltegarria" dela azpimarratu dute IAko kideek. Azaldu dutenez, "ideologia burgesaren hedatzea" ahalbidetzen du eskola kapitalistak, baita ikasleak "soldatapeko diziplinamenduan" txertatu ere.
KRISIA
IAren
ikuspuntutik, "aurrekaririk gabeko krisi testuinguru" batean gaude. Seinalatu dute errealitate sozialean atzeman daitezkeela horren frogak, hala nola, "salbuespen egoera politikoa"
nahiz "eskubide zibil eta politikoen galarazpena". Horrek guztiak
ikasleria txiroena "bete-betean" jotzen duela adierazi dute;
baina hori ez ezik, nabarmendu dute baliabide materialen eta ikasteko espazio duinen
faltak ikasleek "eskola uztea" ere areagotu duela.
Unibertsitatean antzeko joera identifikatu du IAk. Ordutegi aldaketek nahiz online klaseek "zailtasun handiak" sortzen dituzte soldatapeko lana eta ikasketak uztartzeko, eta horren ondorioz, "ikasle txiroenen kanporatze sistematikoa" hauteman dute unibertsitatean ere. Kanporatze horrek, gainera, "etorkizuneko ekoizpen eredu burgesak beharko duen lan-indarraren konposizioa errotzeko joerari" erantzuten diola argitu du antolakundeak; "pobreagoa eta otzanagoa izango den langileriaren eraikuntzari", hain zuzen ere.
KANPORAKETA
Azkenik, "larritasun handiz" ikusten dute langile klasea hezkuntzatik modu esponentzialean kanporatua izateko mehatxua. Ofentsiba burgesak hezkuntzan "pribatizazioa", "segregazioa" eta "eskubideen murrizketa" dakartzala salatu dute, eta ondorioz, bi erronka finkatu dituzte datozen urteei begira: "hezkuntza eredu publikoa defendatzea" nahiz "hezkuntza eredu burgesa iraultzea".
Hortaz "ikasleriak gaitasun politikoak irabaztea" lehenesten du IAk, "beharrezko baldintzatzat" jotzen baitu ofentsiba burgesari aurre egiteko.
MOBILIZAZIO GEHIAGO
Mugikortasuna murrizteko neurriak direla eta, eskualde mailako hainbat mobilizazio ere iragarri ditu IAk. Ondoko hitzorduak zehaztu dituzte: Durangon (Bizkaia), 12:30etan Landako Gunean; Ondarroan (Bizkaia), 11:00etan Itsasaurre Plazan; Gernikan (Bizkaia), 11:00etan Institutu aurrean eta Tolosan (Gipuzkoa), 11:00etan Triangulon.