ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/18 10:08

Ikasle Abertzaleak antolakundeak atzo bete zituen 34 urte, Ikasleen Nazioarteko Egunean. Aste honetan bertan, hezkuntza ereduari lotutako zazpi aldarri zehatz jasotzen dituen programa bat argitaratu du. "Miseriazko hezkuntza baten oinarriak finkatzera datorren erreformaldi prozesuaren aurrean, ikasle langileon eginbeharra proposamen politiko osatua mahaigaineratzea eta hori aurrera eramateko antolakuntza indartzea da", adierazi du IAk: "Horretara dator aldarrikapen zerrenda hau, lortu nahi dugun hezkuntza eredua hainbat aspektutan ezaugarritzera".

Honakoak dira, hain zuzen, IAko kideek berriki egin dituzten aldarri zehatzak:

  1. Doako hezkuntza: garraioari, jantoki zerbitzuari, ikas materialari, matrikulari nahiz baliabide digitalei dagokienez, besteak beste.
  2. Erasorik gabeko ikastetxeak: "kolektibo zapalduen aurkako mota guztietako erasoekin amaitu (eraso matxistak zein arrazarekin edo egoera ekonomikoarekin lotutakoak) eta ikastetxeetan jazarpen kasuekin amaitu".
  3. Oinarrizko askatasunak eta eskubide politikoak bermatzen dituen hezkuntza: "kontrol mekanismoekin amaitu (kamerak, plataforma digitalak etab.), zigor eta diziplinamendu mekanismo autoritarioekin amaitu eta ikasleriaren infantilizazioarekin amaitu".
  4. Ikasleon garapen askea eta pentsamendu kritikoa sustatzen duen hezkuntza.
  5. Euskaraz ikasteko eskubidea bermatuko duen hezkuntza.
  6. Ikasketa prozesuaren kontrola sozializatuko duen hezkuntza: "edukiaren eta curriculumaren gaineko kontrola, ebaluazioaren gaineko kontrola, ikasketa prozesuaren gaineko kontrola (etxeko lanak, ebaluazio irizpideak, metodologiak etab.) eta ikastetxeko funtzionamenduaren gaineko kontrola (tutoretzak, ordutegiak, klaseen antolamendua, asistentzia, espazioen kudeaketa etab.).
  7. Denon ongizatea bermatuko duen hezkuntza: "kalitatezko aisialdia eta atsedenaldia bermatu eta ikasleon osasun mentala zaindu".

IAko kideek gogorarazi dutenez, sarri azaldu dute "transformazio garai bat bizitzen ari dela hezkuntza, ziklo ekonomiko berrira egokitzeko beharrak nahiz horretara datozen erreformek (LOMLOE zein EAEko hezkuntza legea) bultzatuta". "Eraldaketa horiek", dena den, "murrizketak baino ez" direla salatu dute, esaterako "oinarrizko zerbitzuei eta edukiari" dagokienez, eta "hezkuntzaren kalitatearen okertzearen erakusle" direla ohartarazi dute. "Agerikoa da dekadentzian aurkitzen dela hezkuntza, desegiten ari dela, eta horrek guztiak gogor kolpatzen gaitu ikasleok", esan du IAk.

"Gaur-gaurkoz etorkizun ziurgabe bat besterik eskaintzen ez duen hezkuntza sistema baten aurrean gaude: hezkuntza prozesuaren eta ikasleriaren artean gero eta handiagoa da distantzia eta deskonexio-maila; zigor forma nagusitu da, lan karga eta presio altuek antsietate-maila altuak eragiten dituzte, kontrol mekanismo eta joera autoritarioen zein infantilizazioaren indartzea ordenaren ezarpenerako oinarri bihurtu da, gaitasun eta baliabide gutxiago dituen ikaslea baztertua izaten ari da, eta abar", seinalatu du IAk gaur egun indarrean den hezkuntza ereduari dagokionez. Zehaztu du, gainera, "arazo horien guztien" aurrean "eztabaidaren fokoa desbideratzen" dela askotan; adibidez, aipatutako arazoak ikasleen "borondateari, utzikeriari eta arduragabekeriari" leporatuta.

"Horren guztiaren aurrean", beraz, ikasleak "subjektu politiko aktibo bilakatzea" bultzatu nahi du IAk. Bide horretan osatu du zazpi aldarrikapenez osatutako programa.

NO HAY COMENTARIOS