Iragan asteburuan ere gora egin du emakumeen aurkako erasoen kontagailuak. Larunbatean, urriak 5, gizonezko batek bikotekidea zauritu zuen Gasteizen (Araba). Labanarekin sastakatu zuen etxe barruan, eta bertatik ihes egin behar izan zuen erasotutako emakumeak. Larrialdi zerbitzuei jakinarazi zien jazotakoa, eta gero, osasun zentro batean artatu behar izan zuten, zauriak baitzituen buruan zein eskuan.
Udaltzainak erasoa gertatu zen etxebizitzara bertaratu ziren gero, eta iritsi zirenean, emakumearen bi urteko semearekin giltzapetu zen erasotzailea. Azkenean atea bota zuten poliziek, eta gizonezkoa atxilotu zuten. Epailearen aginduz, Zaballako (Araba) espetxera eraman dute.
Gaur, asteartea, Arabako hiriburuan gertatu den beste eraso baten berri eman dute. 24 urteko gizonezko bat atxilotu dute udaltzainek, genero indarkeria leporatuta. Alde zaharreko bizilagun bat jarri zen udaltzainekin harremanetan; emakume bat laguntza eske ari zela azaldu zuen, baita bikotearekin eztabaida gogor bat izaten ari zela ere. Poliziak etxebizitzara bertaratu ziren; zaurituta zegoen emakumea, eta erasotzailea atxilotu zuten. Erasotutako emakumeak salaketa jarri zuen gero.
Bi eraso igande goizaldean
Bestalde, gutxienez bi sexu eraso salatu zituzten igande goizaldean; Zallan (Bizkaia) bata, eta Bilbon (Bizkaia) bestea. Zallako jai-gune batean jazo zen aurreneko erasoa, 07:00ak aldera. Gizonezko bat identifikatu dute erasotzaile modura, eta Segurtasun Sailaren arabera, ikertua izaten ari da une honetan.
Bilbon diskoteka baten inguruetan izan zen erasoa, Bolueta auzoko Santa Ana poligonoan, 01:00ak aldera. 25 urteko gizonezko batek emakume bat erasotu zuen, eta haren lagunek eman zioten gertatuaren berri Ertzaintzari. Hala, poligonora bertaratu eta erasotzailea identifikatu zuten poliziek. Ikerketa zabalik dago gaur gaurkoz.