Goierriko Kontseilu Sozialistak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak atzo azaldu zuten arriskuan dagoela Goierriko Zentro Sozialista. Beasainen (Gipuzkoa) dago espazioa, eta Sonepar enpresaren jabetzakoa da: iazko martxoan jakinarazi zuen Mugimendu Sozialistak eraikina birjabetu eta Zentro Sozialista bilakatu zutela. Eraikin hori Erka Material Elektrikoak lantegia izan zen bere garaian, baina urteak zeramatzan hutsik. Orain, Zentro Sozialista gisa martxan dela, tokia berriz hustu eta Zentro Sozialista modura duen jardun politikoa eta soziala etenarazi nahi du Soneparrek, "berriro ere erabilerarik gabe geratuko den espazio bat izatera pasatzeko", Goierriko Kontseilu Sozialistak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak seinalatu dutenez.
Gogorarazi dute Sonepar multinazionalak bere jabetza pribatuko 150 lokal baino gehiago dituela Espainiako Estatuan, eta ia 780.000.000 euroko irabaziak izan zituela 2022an. "Beasainen duen espazioa [Goierriko Zentro Sozialista dena gaur egun] bere dirua inbertitzeko besterik ez du erabiltzen, etorkizunean diru-iturri izan daitekeelakoan", salatu dute.
Goierriko Kontseilu Sozialistak eta Defentsa Komunitateak aldarrikatu dute, horren guztiaren kontrara, Zentro Sozialistak "konpromisoaren eta lan desinteresatuaren bitartez irekitako espazio politikoak eta sozialak" direla, "jabetza pribatuak baztertutako sektoreen interesera jarriak eta haien antolakuntza politikoa ahalbidetzeko helburua dutenak".
Goierriko Zentro Sozialistari eman zaion erabileraren hainbat adibide aipatu dituzte, hala: espazio horretan indarkeria matxistaren aurkako bulego bat dauka martxan Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, etxegabetzeen eta etxejabeen askotariko gehiegikerien aurkako babesa eta aholkularitza ematen ditu Goierriko Etxebizitza Sindikatuak, eta soldatapeko lanari lotutako arazoen kontrako babesa eta aholkularitza eskaintzen ditu Goierriko Laneko Autodefentsa Sareak, besteak beste. "Horrez gain, aisialdi eskaintza, Kontseilu Sozialistatik abiatutako dinamikak, hitzaldiak, tailerrak eta doako zerbitzuak ere izaten dira bertan", Goierriko Kontseilu Sozialistaren eta Defentsa Komunitatearen esanetan.
Epaiketa urtarrilaren 24an
Laster izango da Goierriko Zentro Sozialistaren kontrako epaiketa, hilaren 24an. Oraingoan ere, "etekin ekonomikoek gidatutako erabilera" lehenetsita, "gehiengo sozialari irekitako espazio bat" hustu nahi dutela gaitzetsi dute. Hala, Sonepar multinazionala seinalatu dute Defentsa Komunitateak eta Goierriko Kontseilu Sozialistak, eta eskaera argi bat egin diote: epaiketa bertan behera utz dezala, eta aterabide bat ziurta dezala "Goierriko Zentro Sozialistan gauzatzen den jardunak berme guztiekin jarrai dezan".
Urtarrilaren 24an izango da Zestoako (Gipuzkoa) Gaztetxearen kontrako epaiketa ere. Bi gazte epaituko dituzte Zestoako Gaztetxe berriaren birjabetzea dela-eta, eta kalte-ordain eta isun ikaragarriak eskatzen dituzte haien kontra.
Donostiako Zentro Sozialista, garaipen bat
Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak eta Donostiako (Gipuzkoa) Kontseilu Sozialistak iazko azaroan azaldu zuten huste arriskuan zegoela Gipuzkoako hiriburuko Zentro Sozialista. Hainbat hilabete lehenago eraikina birjabetu eta Zentro Sozialista bihurtu ostean, hura husteko prozedurari ekin zion Sukia enpresak. Dena den, borrokara jo zuten Donostian nahiz Euskal Herri osoan: protestak izan ziren Sukiaren egoitza nagusian, markatzeak izan ziren enpresaren egoitzetan eta propagandan...
Azkenean, abenduaren 1erako Donostiako epaitegian ezarrita zegoen bista bertan behera geratzea lortu zuten, eta are berri hobeak izan ziren gero: Defentsa Komunitateak eta Donostiako Kontseilu Sozialistak jakinarazi zuten lortu zutela Sukiak huste prozedura etetea, bai eta Donostiako Zentro Sozialista hainbat urtetarako egonkortzea eta bermatzea ere, itun baten bidez. "Borrokak merezi du", esan zuten.
Garaipen horrekin, gero eta gehiago dira Euskal Herrian martxan diren Zentro Sozialistak:
hala nola, Esklabak Zentro Sozialista Azpeitian (Gipuzkoa), Etxape
Zentro Sozialista Zumaian (Gipuzkoa), Zubietako Zentro Sozialista Bergaran (Gipuzkoa), eta orain huste arriskuan dagoen Goierriko Zentro Sozialista Beasainen.