Getxoko jauregia, legez, udalaren babesean zegoela dio Jaurlaritzaren txosten batek
— ARGAZKIA Podemos

Getxoko (Bizkaia) Irurak Bat jauregia babestu beharreko eraikin modura zegoen erregistratuta, eta udalaren zaintzapeko ondasun gisa ageri da Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean. Hala dio Eusko Jaurlaritzak berak Getxoko Instrukzio Epaitegietan aurkeztutako txostenak, EAJren eta PSE-EEren udal-gobernuak 2024an jauregitxoa eraitsi izana ikertzen ari baita epaile bat.

Teorian, legez ematen zitzaion babesa zela-eta, ezin zen eraikina eraitsi. Hala, Jaurlaritzako Ondare Zuzendaritzak dio Getxoko Udalari helarazi zizkiola bere zalantzak Irurak Bat botatzeari buruz. Ertzaintzak epaitegientzat egin duen txostenean, Amaia Agirre (EAJ) buru duen Udal Batzarraren erantzukizuna nabarmentzen da: jauregia botatzeak Ondarearen Euskal Legea urratzen duela eta berme juridikoak falta zirela dio.

Une honetan, EAJko hiru zinegotzi eta Getxoko Udaleko Hirigintzako hiru funtzionario daude ikerketapean eraisketaren harira. Izan ere, luxuzko etxebizitzak eraikitzeko bota zuten jauregitxoa. Inaxio Uriarte Gorostiaga, Irantzu Uriarte Gomez eta Iñigo Urkitza Yañez dira ikertuak izaten ari diren politikari jeltzaleak, eta promozioak barne hartzen dituen luxuzko etxeen erosleak dira aurreneko biak, hain zuzen ere.

Urtarrilean atera zen argitara Getxoko hainbat zinegotzi eta teknikari zeudela jomugan, baina ikerketa zabalik egonda ere, udalak otsailean onartu zuen eremu horretan etxebizitzak egitea. Proiektuan "137 aldaketa" sartu zituztela argudiatu zuten horretarako.