Zabalik dago Getxoko (Bizkaia) Irurak Bat jauregitxo historikoaren eraisketari buruzko ikerketa judiziala. EAJko hiru zinegotzi (Inaxio Uriarte Gorostiaga, Irantzu Uriarte Gomez eta Iñigo Urkitza Yañez) daude ikerketapean babestutako eraikina bota izanagatik (dimisioa eman zuten eskandalua argitara atera zenean), baita udaleko zenbait teknikari ere. Eremu horretan luxuzko hamabi etxebizitza eraikitzeko egin zuten 700.000 eurotik gorako eraisketa, eta, hain zuzen ere, ikertuak izaten ari diren bi zinegotzi jeltzale daude higiezin horien sustatzaileen artean.
Getxoko 2. Instrukzio Epaitegian ikerketa martxan egon arren eta babestutako jauregiaren eraisketan delitu bat egon ote zen argitu ez duten arren, erabaki harrigarri bat hartu du Getxoko Udalak, Amaia Agirre (EAJ) alkatetzan dela: jauregiaren orubean luxuzko etxebizitzak egiteko obra onartuko du. Hala jakinarazi dute dagoeneko zenbait hedabidek.
El Correo-ren arabera, obra legeztatzeko espedientea ia itxita dauka jada udalak, nahiz eta geldirik dauden lanak une honetan. Dena den, etxebizitza berrien promozioaren atzean dagoen kooperatibak aurkeztutako dokumentazioa ontzat eman omen du Hirigintzako Plangintza, Kudeaketa eta Diziplina Arloak. Konpainia horren parte dira Inaxio eta Irantzu Uriarte, ikerketapean dauden zinegotzi ohietatik bi; eta enpresa hori arduratu zen, hain justu, babestutako Irurak Bat jauregia eraisteaz, beharrezko udal-lizentziak behar bezala eskuratu gabe.
Aipatutako komunikabideak dio legeak baimena ematen duela, hala ere, eraikitze-lanekin jarraitzeko, "baldin eta hirigintza-legezkotasuna berrezartzen bada eta higiezina berreraikitzen bada". Horretan jardun omen du promotoreak 2024ko abuztutik hona, udalak obra geratu zuenetik. Hasieran aurkeztutako proiektuari "137 aldaketa" egin omen dizkiote, Alvaro Gonzalez zinegotziak argudiatu duenez. Horiek horrela, obrarekin aurrera segitzea baimenduko du udalak.