ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/09 08:24

Burlatan (Iruñerria, Nafarroa), gaur goizerako zegoen ezarrita familia baten etxegabetzea, bi adingabe tartean. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Harituk eta Berriozarko Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak (PAH) etxe-kaleratzeari aurre egitera deitu zuten, eta beraz, San Frantzisko kaleko 6. zenbakian elkarretaratu dira hainbat pertsona goizean goiz. Espainiako Polizia, baina, berehala bertaratu da eta modu oso bortitzean kanporatu ditu manifestariak, 07:30ak jota.

Poliziaren arabera, instrukzio-epaitegiak eman du protesta desegiteko agindua: kalea goizean goizetik husteko agindua omen zeukaten agenteek. Hainbat pertsona zauritu dituzte kargan, eta etxe aurrea hartu eta itxi dute.

Segizio judiziala iritsi aurretik desegin du protesta Espainiako Poliziak, 10:00etarako baitzeukan finkatuta ordua. Lehenengo kargaren ondoren, eta 10:00ak hurbildu ahala, poliziak berriz oldartu dira mobilizatu den jendearen aurka: piper-gasa bota die, hainbat lagun gehiago zaurituz.

Azkenean, 10:00ak baino lehen bertaratu dira segizio judizialeko kideak, manifestarien txistu eta oihu artean: etxegabetzeen aurkako leloak nagusitu dira. Sarrailagileek eta polizia-indarrek lagunduta, 10:00ak aldera lortu dute etxera sartzea, familia bertan zela. 10:30ak baino lehen burutu dute etxegabetzea.

Beste elkarretaratze bat arratsaldean

Desalojoaren ondoren, Burlatako udaletxera joan dira hainbat eta hainbat manifestari, erakunde publikoen eta, zehazki, Burlatako Udalaren (EH Bildu) pasibotasuna salatzeko. Bertan, etxebizitza-alternatiba bat exijitu dute gaur kaleratua izan den familiarentzat. Protesta bukatzean hainbat pertsona identifikatu ditu Espainiako Poliziak.

Aurreratu dutenez, beste mobilizazio bat izango da gaur arratsaldean; etxegabetzeen aurka, gaurkoan jasandako errepresioaren aurka, eta etxegabetua izan den familiarentzako etxebizitza-alternatiba baten alde. Laster argitaratuko dute deialdi zehatza.

Iruzur baten biktimak, eta bizitoki-alternatibarik ez

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Harituk eta Berriozarko PAHk irailean azaldu zuten familiaren egoera. "Duela urtebete baino gehiago alokatu zuen logela, iruzur baten biktima izaten ari zela jakin gabe, legez kanpoko azpierrentamendu bat baitzen", gogorarazi dute azken egunetan. Jabeak dio etxebizitza berreskuratu nahi duela orain.

Biktimak, berez, etxea uzteko prest daude, egoera txarrean baitago. Dena den, alokairuen "neurrigabeko prezioen ondorioz", ez daukate nora jo gaur egun. "Etxegabetzea gauzatuz gero, familia hori kalean gera liteke", ohartarazi dute aipatutako kolektiboek.

Instituzio publikoen pasibotasuna

Salaketa egin duten taldeek behin eta berriz gaitzetsi dute erakunde publikoen jarrera pasiboa: "Gizarte-zerbitzuekin eta Burlatako Udalarekin hainbat hilabetez bildu ondoren, ez hark ez Nafarroako Gobernuak ez dute oraindik ezer eskaini, eta horrek familia egoera larrian uzten du". Irailaren 25ean Burlatako udaletxera jo zuten, ohiko osoko bilkuran, eta EH Bilduren udal-gobernuari exijitu zioten "erakunde publikoek egoera zaurgarrian dagoen familia horrentzako benetako alternatiba eskaintzeko betebeharra asumitu dezatela".

Udalak "baliabide falta" argudiatu du familiari bizitoki-alternatibarik ez bermatzeko, baina arrazoi hori gezurtatu dute hiru kolektiboek. Iritzi diote "onartezina" dela "familia bat kalean geratzea pertsona guztiek etxebizitza bat izateko baliabideak dituen gizarte batean", eta etxebizitzaren negozioa hartu dute egoeraren erantzuletzat, "baliabide horiek etekin pribatuaren mesederako bahituta" dituelako.

NO HAY COMENTARIOS