ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Iazko Gazte Topagune Sozialista.
2024/10/08 11:39

Aurten ere, alternatiba sozialista indartzeko asmoz egingo dute Gazte Topagune Sozialista. Urriaren 31tik azaroaren 3ra bitartean izango da 2024ko edizioa, Altsasun (Nafarroa), eta egitarauaren berri eman dute jadanik Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Abertzaleakek (IA). "Eztabaidarako, hausnarketarako eta aldarrikapenerako gune bihurtuko dugu Altsasu", azaldu dute antolatzaileek.

Urriaren 31n, ostegunean, arratsaldez hasiko da gazte andana Altsasura bertaratzen. 17:00etan emango diote hasiera Topagunearen aurtengo egitarauari, hitzaldi-sorta indartsu batekin: Krisi ekonomikoa Europan, Gazte eta ikasle mugimenduaren historia Euskal Herrian, Euskarazko literaturarako bide berriak, eta Emakumeon laneko prekaritatea landuko dituzte, besteak beste.

Hitzaldi gehiago ere izango dira asteburuan zehar. Hurrengo egunean, azaroaren 1ean, aktualitate politikoari buruzko solasaldi zabal bat egingo dute goizeko 11:30ean. Eta azaroaren 2an, berriz, Mugimendu Sozialistaren erronkei buruzko mahai-inguru bat izango da 11:00etan.

Iaz bezala, gainera, manifestazio bat ere egingo dute Topagunean GKSk eta IAk. Larunbatean izango da, azaroaren 2an, 17:30ean hasita.

Askotariko ikuskizunak eta emanaldiak

Ohi bezala, hamaika artistak eta kirolarik hartuko dute parte Topagunean. Urriaren 31n, 19:00etatik aurrera, Altsasun arituko dira Peio Erramouspe, Sara Zozaya, Mirua, Rebel Noise eta The Clayton; baita Ander Iraizoz, Gordon eta Mondongo DJak ere. Azaroaren 1ean Desgaraian, Eñaut Elorrieta eta Ibil Bedi taularatuko dira 22:00etan hasita, eta azaroaren 2rako ere kontzertu-sorta zabala prestatu dute: Gozzue, Nakar, Bris, Calié, Mateo Zikuta, TOC, Jaloner, Kaparrak, Tatxers, Kalipotxo, J Martina, Muxutruk erromeria eta abar izango dira.

Horretaz gain, askotariko ikuskizunak eskainiko dituzte Topagunean zehar: kirol- eta boxeo-ikuskizunak urriaren 31n; pilota-, magia-, suhiltzaile- eta umore-ikuskizunak azaroaren 1ean; eta abar. 5x5 futbito-txapelketa bat ere izango da azaroaren 1ean, eta GEDAR LANGILE KAZETAren Belarrijana podcastaren saio bat grabatuko dute zuzenean, egun berean.

Sarrerak salgai

Aurtengo Topagunerako bono orokorrak salgai daude jadanik, eta, aurreko urteetan bezala, GKSren web-orrian eros daitezke. Ondoko loturan daude eskuragai: https://my.weezevent.com/gazte-topagune-sozialista-2024.

NO HAY COMENTARIOS