ACTUALIDAD / Gazte topagune sozialista
Gazte Topagune Sozialistako egitarauaren aurrerapena, sareetan jada
Hitzaldiak, kontzertuak eta ikuskizunak izango dira Elizondon urriaren 9tik 12ra bitartean. Salgai daude sarrerak.
2026eko uztailaren 27 - 07:20
Gazte Topagune Sozialistako egitarauaren aurrerapena, sareetan jada

Urriaren 9tik 12ra bitartean izango da aurtengo Gazte Topagune Sozialista, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) elkarrekin antolatzen duten ekimenik handiena. Uda bete-betean egonda, Topaguneko egitarauaren aurrerapen bat argitaratu dute jada bi antolakundeek, eta aurrerago emango dute xehetasunen berri.

Ohi bezala, hitzaldiak eta mahai-inguruak egongo dira Topagunearen erdigunean, eta prestatzen ari diren saioen izenburuak aurreratu dituzte: Estatuen autoritarismoa eta faxismoa, Aktualitate politikoa eta Mugimendu Sozialistaren erronkak, Nazio auzia, Ezkerkeria, Etxebizitza problematika, Gazte-antolakunde sozialisten erronkak, Makroproiektuak eta lurraren defentsa, Artea eta sozialismoa, Emakume langileen borroka, eta abar.

Hitzaldiekin batera, aisialdirako eskaintza zabala izango da Elizondon. Iragarri dutenez, egitarauan parte hartuko dute Antton Telleria eta Asier K umoregileek, eta musika-emanaldiak ere antolatu dituzte: besteak beste, Belako, Bengo, Hazas, J Martina, Kiliki, Santa Salut, Skabidean eta Tapia eta Leturia arituko dira.

Sarrerak salgai

Topagunerako sarrerak online erosteko aukera martxan dago jada, antolatzaileek jakinarazi dutenez: gks.eus web-orrian eskura daitezke.