ACTUALIDAD / Fascismo

Gaur hasiko da Federico Martin Aranbururen hiltzaileen aurkako epaiketa, Parisen

GUD taldeko bi faxistak erail zuten argentinarra 2022ko martxoan, tiroz. Bi hiltzaileak kontrol judizialpean zeuden berez, pertsona bat torturatu izanagatik.
2026eko irailaren 7 - 08:47
Gaur hasiko da Federico Martin Aranbururen hiltzaileen aurkako epaiketa, Parisen
— ARGAZKIA cordobaxv.com

Lau urte baino gehiago igaro dira Federico Martin Aranbururen erailketatik. Groupe Union Defense (GUD) eskuin muturreko taldeko bi kidek hil zuten errugbi-jokalaria, 2022ko martxoaren 19an, Parisen: txosten forentsearen arabera, lau tiro egin zizkion Romain Bouvierrek, bi lekutan zaurituz, eta sei tiro eman zizkion Loik Le Priolek. Azken horien ondorioz hil zen Martin Aranburu, 42 urte zituela.

Miarritzen jokatzen zuen errugbian Federicok, eta bere kide Shaun Hegartyrekin zegoen kalean bi faxistek hil zutenean. Bi jokalariak trago bat jotzera irten ziren kalera, errugbiko Munduko Kopan sartzeko borrokan izango zirela ospatzeko. Goizaldean, liskar bat izan zuten GUDeko kideekin: bi jokalariak etxera bidean zirenean, gainera joan zitzaizkien faxistak, eta Martin Aranbururen aurka tiro egin zuten. Goizaldeko 06:00ak aldera zendu zen.

Prozesu judizial luze baten ondotik, gaur hasiko da bi hiltzaileen kontrako epaiketa, Parisko Krimen Auzitegian. Ebazpena irailaren 25erako egotea espero da.

Gaur egun, espetxean daude bi akusatuak, beste auzi batengatik: GUD taldeko kide ohi bat torturatu zuten duela 11 urte, Iparraldeko Hitza-k jaso duenez. 2022ko martxoan, Federico hil zutenean, kontrol judizialpean zeuden berez: legez, debekatuta zeukaten armak edukitzea edo elkartzea, baina debeku horiek guztiak urratu zituzten.