ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Periódico de España
2023/03/22 09:02

Esan eta egin, eta jaso eta eman. NATOk udan sinatu zuen Finlandia eta Suedia Aliantza Atlantikoaren parte izateko protokoloa, eta Turkiak ulertzera eman zuen bi estatuen sarrera onartuko zuela, baldin eta "terrorismoaren kontrako borrokan" hainbat konpromiso hartzen bazituzten. Zehazki, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta Herri Babeserako Unitateetako (YPG) kideen aurkako jardunean "guztiz kooperatzeko" betebeharra jarri zien Turkiak Finlandiari eta Suediari; besteak beste, "terroristatzat" jotzen dituen hainbat eta hainbat kurdu estraditatuta. Baldintza horiek betetzea onartu zuten bi herrialde eskandinaviarrek, Turkiak euren aurkako betoa atzera botatzearen truke.

Ia bederatzi hilabeteko prozesu baten ostean, badirudi Turkiak behin betiko zabalduko diola atea Finlandiari, NATOn sar dadin. Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek aurreko astean baieztatu zuen: Finlandiak NATOren parte izateko aurkeztutako hautagaitzaren berreste-prozesuari ekingo dio Turkiako Parlamentuak. Finlandiak bete egin ditu "PKK-ren eta bere adarren aurkako borrokari" dagokionez Turkiak jarritako baldintzak; edo hala baloratu du gobernuak.

Hungaria da, Turkiarekin batera, Finlandiaren aurkako beto bat mantendu duen estatu bakarra, baina Hungariako Parlamentuak ere hilaren 27an izapidetuko du Finlandiaren integrazioa.

Suediaren aurkako betoa, indarrean

Suediarekin, baina, oraingoz ez du jarrera berdina erakutsi Turkiak. Oraindik ez du bertan behera utzi Suediaren aurkako betoa, Erdoganen esanetan, ez baitu hitzemandakoa bete. "Ez gaude Suediaren kontra, baina Suediak beso zabalik hartu ditu terroristak eta kaleak ireki dizkie. Esan nion Suediako lehen ministroari 120 terrorista bidaltzeko. Ez dizkigutenez eman, ezin dugu haienganako jarrera positibo bat eduki", adierazi du berriki presidenteak.

Gainera, urtarrilean, hautsak harrotu zituen bi gertakari izan ziren Suedian: batetik, Stockholmen egindako protesta batean, Erdogan urkatzen ari zirela antzeztu zuten hainbat manifestarik; bestetik, faxista batek Korana erre zuen Turkiak Suedian duen enbaxadaren aurrean. Turkian Suediaren kontrako mobilizazioak piztu zituen horrek.

Finlandiak eta Suediak duela urtebete baino gehiago jarri zuten mahai gainean NATOko kide bihurtzea, eta maiatzean aurkeztu zituzten eskaerak, elkarrekin. Dena den, kide berrien sarrerari betoa jartzeko aukera daukate Aliantza Atlantikoa osatzen duten 29 estatuek, eta horixe egin zuen Turkiak, bi herrialde eskandinaviarrek PKK-ri eta YPG-ri babesa ematen dietela argudiatuta.

Suedia eta Finlandia integratuta, Itsaso Baltikoaren "estaldura ia osoa" lortuko luke NATOk, Errusia inguratzeko aukera zabalduz, besteak beste.

NO HAY COMENTARIOS