ACTUALIDAD / Euskera
Euskararen aurkako azken erasoak salatu dituzte EHUn
Euskalgintzaren Kontseiluak deituta eta hainbat antolakundek babestuta, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko campusetan izan dira protestak, 'Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat' lelopean.
2026eko uztailaren 2 - 11:43
Euskararen aurkako azken erasoak salatu dituzte EHUn

Gaur, eguerdian, mobilizazioak izan dira Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) hiru campusetan, euskararen aurkako azken eraso politiko eta judizialak salatzeko. Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Bilboko (Bizkaia) Ingeniaritza Eskolan, Donostiako (Gipuzkoa) Karlos Santamaria Zentroan eta Gasteizko (Araba) Letren Fakultatean egin dituzte protestak, Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat aldarritzat hartuta. Kolektibo ugarik egin dute bat deialdiarekin, tartean, Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS); ELA, LAB eta Steilas sindikatuek; Denon Eskolak; Euskal Herriko Ikastolek, eta abar.

"Unibertsitatera sartzeko probetan zenbait ikaslek lortutako emaitza eskasak euskararen aurkako oldarraldia hezkuntzara hedatzeko baliatu direla" salatu zuen atzo Euskalgintzaren Kontseiluak. Izan ere, euskaran 0 atera duten hainbat ikasleren senideek auzitegietara jo dute nota hori baliogabetu dezatela eskatzeko, eta, oraingoz, arrazoia eman die Bilboko Instantziako Auzitegiak: EHUri eskatu dio, behin-behinean, ez ditzala ikasle horien euskarako notak kontuan hartu hurrengo ikasturterako matrikulazioetan. Auziak hautsak harrotu ditu azken asteetan, eta ebazpenaren berri izatean, Euskalgintzaren Kontseiluak nabarmendu du "hizkuntza-ereduen sistema gainditzea eta euskarazko ikasteredua orokortzea" dela "ikasle guztien euskalduntzea bermatzeko bidea". "Euskararen normalizazioari" trabarik ez jartzeko eskatu du.

Euskalgintzaren Kontseiluak hiru arrazoi azpimarratu zituen gaurko mobilizazio-deialdia aurkeztean: "euskararen desofizializazioa, botere judizialaren oldarraldia eta euskararen gutxiespen sistematikoa salatzeko"; "hizkuntza-ereduen sistema gainditu eta ikasle guztiak, berdintasunean, euskararen jabe egitea bermatuko duen euskarazko ikasteredu orokortuaren alde egiteko"; eta "euskara larrialdian dagoen honetan, normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko".