ACTUALIDAD
Gaur arratsaldean, azaroaren 11ko greba orokorrerako bi egun eskas geratzen direnean hain justu, itxialdiak hasi ditu ikasle-mugimenduak Hego Euskal Herriko hainbat campusetan. Greba-deialdia indartzeko asmoz ekin diete itxialdiei Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Ibaetako, Gasteizko eta Leioako campusetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Arrosadiako campusean. Unibertsitateetako greba-asanbladek eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) bultzatu dute ekimena, eta asteazkenean grebara batzeko deia zabalduz, campusetan igaroko dute gaua hainbat eta hainbat ikaslek.
Gogorarazi dutenez, etxebizitzaren auzia da "langile-klasea bere osotasunean gogor kolpatzen duen problematiketako bat", eta etxebizitzaren negozioak ikasleriari eragiten dizkion bi arazo nagusi nabarmendu dituzte. Batetik, "ikasle-pisuen nahiz ikasle-egoitzen baldintza kaskarrak eta prezio itogarriak" salatu dituzte, seinalatuz insitituzioek ez dutela "nahikoa baliabide jartzen kostu horiek errealki arintzeko, izan Eusko Jaurlaritza edo Nafarroako Gobernua edo EHU zein NUP bera". Alokairuen prezioak %23,74 igo dira batez beste 2021etik, baina, bitartean, bekak %7 eta %12 artean igo dira, "erdia kasurik hoberenean". "Ikasle ororentzat kalitatezko etxebizitza eskuragarriak bermatu behar direla aldarrikatu nahiko genuke", azaldu dute beraz ikasleek gaurko itxialdien berri ematean.

Bestetik, tokian toki izaten ari diren etxegabetzeak salatu dituzte, bere horretan jarraitzen baitute, "gobernua sostengatzen duten alderdietatik etxegabetzeak etengo direla aldarrikatu den arren". Gasteizen urriaren amaieran izandako etxegabetzea izan dute gogoan, baina gogorarazi dute beste hamaika arazo ikus daitezkeela etxebizitzaren bueltan, "zuzenean eragiten dutenak ikasleon familien egoeran"; "alokairuen igoera, etxebizitza kontratuen ezegonkortasunak sortzen duen ziurgabetasuna, etxebizitzaren kalitate negargarria…". Horiek horrela, argi hitz egin dute ikasleen greba-asanbladetatik: "Ezin da kalitatezko heziketa-prozesurik bermatu etxebizitzarik ez baduzu". Horiek horrela, defendatu dute, "ikasleontzat ere, etxegabetze guztien etetea eta alokairuen jaitsiera ezinbesteko aldarriak direla".
Grebako aldarriak bere egin ditu ikasle-mugimenduak
Gaur hasitako itxialdien bidez, datorren asteazkeneko greba orokorreko aldarriak babestu dituzte ikasleek: "Etxebizitzaren negozioarekin amaitzeko beharrezkoa da espekulatzaileak espropiatu, espekulazioa debekatu eta etxebizitza behar sozialen arabera planifikatzea". Aldi berean, "greba orokorra haien interes elektoraletarako erabili nahi dutenei" aurre egin eta erreibindikatu dute "langile-klasearen eta ikasle langileon interesak erdigunean jartzeko eta martxan ditugun borrokak hauspotzeko " baliatuko dutela greba-eguna.
"Etxebizitza-eskubidea bermatua izateko, ezibestekoa deritzogu etxebizitza merkantzia bilakatu duen sistema kapitalistarekin amaitzea, etxebizitza langile-klasearen eskuetara igarotzea", gaineratu dute bestalde ikasleek: "Greba-egunean etxebizitza bermatzeko sozialismoaren aldeko borrokara batzeko deia zabalduko dugu, eta, bide horretan, ikasle orori Gasteizen, Bilbon eta Donostian deitu ditugun gazte eta ikasle langileon zutabeetara batzeko deia zabaltzen diogu".