Hainbat margoketa eta kartel ageri dira Baionako (Lapurdi) kaleetan azkenaldian, emakume batek bere bikotekidearen partetik jasandako bortxaketa kimikoa gaitzesteko. Euskal Irratiek azaldu dutenez, biktimaren lagunek eta Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak atera dituzte mezuok karriketara, gertakariak salatzeko eta erasoen aurka antolatzera deitzeko.
Neskak joan den maiatzean jarri zuen salaketa, aipatutako hedabidearen esanetan: bere bikotekideak hainbatetan drogatu zuen berak jakin gabe, ondotik, bera bortxatu ahal izateko. Biktimak egindako azterketetan ikusi ahal izan denez, behin baino gehiagotan drogatu du.
Protesta kaleetara eraman duten kideek ohartarazi dute 100 salaketatik hirutan baino ez direla zigortzen erasotzaileak, eta gertatzen diren sexu-erasoen artean, gutxi direla salaketa batera iristen diren kasuak.