ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/01 16:07

Beste erailketa matxista bat izan da Euskal Herrian, oraingoan Pasaian (Gipuzkoa): Leonor, 45 urteko emakume bat, tiroz hil du bere bikotekide ohiak. Eskalantegi kaleko etxe batean bizi zen emakumea, eta hara joan eta bere kontra tiro egin zuen gizonak, atzo arratsaldean. 16:00ak aldera izan zen, eta biktimaren alaba etxean zegoen une horretan. Bera izan zen balkoira irten eta laguntza eskatu zuena.

53 urte ditu hiltzaileak, eta auto batean egin zuen ihes Leonor erail ostean. Ordu-erdi beranduago aurkeztu zuen bere burua Villabonako (Gipuzkoa) komisaria batean, egindakoa aitortzeko: suzko arma batekin bere bikotekide ohia hil zuela esan zuen. Leonorrek aurrez salatu zuen bere erasotzailea, indarkeria matxistagatik.

Gutxienez sei

Urtea hasi zenetik, gutxienez sei erailketa matxistaren berri eman dute Euskal Herrian. Maiatzaren 3an, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) hotel batean, 34 urteko emakume bat hil zuen bere bikotekideak. Aurreko hilabetean, gizon berdinarengandik ihesi, bosgarren solairutik salto egin zuen emakume berdinak. Irailaren 12an, 31 urteko emakume bat erail zuen bere bikotekideak, Bilbon (Bizkaia). Urriaren 9an, berriz, Errotxapean (Iruñerria, Nafarroa) izan zen hilketa bat: emakume bat erail zuen gizon batek; elkarrekin bizi ziren etxabe batzuetan.

Horretaz gain, baina, Laure Zachello izeneko urruñar bat desagertuta dago aurreko ekainetik. Emakumea erail zuelakoan atxilotu eta kartzelaratu zuten bere senarra. Gainera, uztailean, Eneritz Argintxona izeneko erandiotarra hilik aurkitu zuten Panamán, eta bi gizonezko atxilotu zituzten horri lotuta. Pasaian izan den azken erailketa da, hortaz, aurtengo seigarrena.

NO HAY COMENTARIOS