ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/07 08:20

Hiru hilabete igaro dira Gasteizko (Araba) lorezaintzako langileek greba mugagabera jo zutenetik. Horren harira, mobilizazioz beteriko eguna izan zen aurreko ostirala, grebaren 100. eguna: goizean Enviserren egoitzan piketeak egin ondoren, beharginek manifestazio bat antolatu zuten arratsalderako. Hala, 18:30ean Artiumetik hasita, ehunka lagun mobilizatu ziren lorezainekin elkartasunez, 100 egun greban/borrokan lelopean.

Manifestazioan zehar, euren greba-eskubidearen aurka jasan dituzten erasoak salatu zituzten langileek. Izan ere, Gasteizko Udalak (PSE-EE) eskatuta, Eusko Jaurlaritzak ekainaren erdialdean behartu zituen grebalariak lanera itzultzera. Plantillaren %50 inguru derrigortu dute lanean hastera. Andre Mari Zuriaren Plazan, hala, pankarta erraldoi bat bota zuten ostiraleko mobilizazioaren ibilbidean: "Borroka zilegi da. Askatasun sindikalak defendatu" zioen.

Martxoaren 26an greba mugagabea hasi zuenetik, lan-baldintzak hobetzeko hitzarmen propio bat aldarrikatu du plantillak. Soldata baxuak (1.100 ingurukoak) dituztela eta euren eskubideak babesteko itunik ez dutela salatu dute hasieratik beharginek, eta, hala, hainbat exijentzia egin dituzte azken hiru hilabeteetan: soldatak igotzea, lanaldiak udaleko langileenekin parekatzea eta murriztea, 30 minutuko atsedenaldiak izatea, kontziliazioa, batzar sindikaletarako eta laguntza medikorako orduak aitortzea, eta abar.

Langileek etengabe salatu dute Gasteizko Udalak eta berak azpikontratatutako Enviser enpresak gaiari ihes egiten daramatzatela hiru hilabete, eta ez dituztela langileen eskaerak aintzat hartu. Orain, dena den, badirudi Jaurlaritza ere sartuko dela tartean: Lan Departamentuak bilera bat eskatu die beharginei, eta gaur bilduko dira, arratsaldeko 15:00etan, gobernuak Lakuan daukan egoitzan.


Irakurri hemen lorezaintzako langileei aurreko astean egindako elkarrizketa, grebaz, azpikontratazioaz, greba-eskubidearen aurkako erasoaz eta beste.

NO HAY COMENTARIOS