ACTUALIDAD / Autoritarismo

Biharko mobilizazioak erreprimitzeko bidea fintzen ari da Frantziako Gobernua

Polizia-agenteak eraginkorragoak izan daitezen, agintaritza politikoak zenbait aldaketa taktiko egingo ditu bihar: hala nola operatibo mugikorrak lehenetsiko dituzte, eta unitate militar bereziak kalean ariko dira. Ipar Euskal Herrian ere, hasi dira kaleak militarizatzeko eskaerak egiten.
2026eko urriaren 23 - 14:18
Biharko mobilizazioak erreprimitzeko bidea fintzen ari da Frantziako Gobernua
— ARGAZKIA en.mehrnews.com

Aste osoan zehar, Frantziako Gobernuko agintariek iragan larunbateko polizia-dispositiboek eta inteligentzia-zerbitzuek "huts" egin zutela aitortu dute. Hori horrela, protestak isilarazteko eraginkortasuna irabazi nahian, baita oposizioaren haserrea lasaitzeko asmoz ere, gobernuko ministroek eta polizia-buruek hainbat aldaketa taktiko iragarri dituzte biharko mobilizazioak erreprimitzeko.

Aldaketak kaleko polizia-dispositiboen jokabidean

Zenbait hedabide eta kazetari frantsesek jasotakoaren arabera, biharko polizia-dispositiboa mugikorra eta "ofentsiboa" izango dela da aldaketa nabarmena; alegia, Poliziaren Prefekturak zuzenean eta hasiera-hasieratik mobilizazioetan interbenitzeko prestatuko omen ditu polizia-agenteak. Erabakia hartu dute, antza, joan den larunbatean egoerak gobernuari gain hartu ziolako, eta hainbat polizia-dispositibok atzera egin behar izan zutelako.

Horretarako, "leku sentikorretan" (Eiffel Dorrean eta Matignon hotelean, Eliseo Zelaietan, Asanblea Nazionalaren egoitzan, prefekturetan, etab.) Sentinelle terrorismoaren aurkako unitate militar bereziak ariko dira, "bertatik mugitu gabe", eta unitate mugikorretara bideratuko dituzte orain artean leku horietan aritutako polizia-agenteak. Joan den asteburuan, orotara, 60.000 agente inguru mobilizatu zituen Frantziako Gobernuak; baina, zenbait iturriren ustez, are polizia gehiago mobilizatuko dituzte bihar eta etzi: 80.000 edota 90.000 unitatez aritu dira; eta Sébastien Lecornu lehen ministroak poliziek kaleak "masiboki" hartuko dituztela adierazi du. Atzo bertan, Gérald Darmanin Justizia ministroak kopuru hori %20 haziko zela adierazi zuen; hau da, 75.000 inguru. Orain artean, egun batez mobilizatutako polizia-agenteen erregistrorik handiena 89.000 unitatekoa da, hain zuzen, Jaka Horien mobilizazioen aurka mobilizatu zituzten hainbeste polizia, 2019ko protestetan.

Azken egunotan, politikariak "leku batetik bestera azkar mugitzeko" manifestarien gaitasun handiaz mintzo izan dira. Ondorioz, polizia-agente gehiago mobilizatzeaz gain, dispositiboek helburu izango dute edozein elkarretaratze edo pertsona-multzo identifikatu eta horiek desegitea. Helburu hori erdiesteko, ordea, ez dituzte bakarrik oinezko polizia-agenteak berrantolatuko, dirudienez.

Kaleen eta konfrontazioen militarizazioa

Geroz eta hedabide gehiagok diote asteburuko mobilizazioei aurre egiteko RAID Polizia Nazionalaren Interbentziorako Unitate Bereziak, GIGN Gendarmeriaren unitate taktiko berezia eta Justizia Poliziaren BRI unitate berezia mobilizatuko dituela gobernuak. Hiru unitateok "arrisku bereziko" egoeretan hartu ohi dute parte, "terrorismoaren" eta "armatutako pertsonen" aurka jardun ohi dute, eta espezialistak dira "bahituak" hartzen. Hori hala balitz, Frantziako kaleen militarizazioa ez litzateke "eraikin eta leku garrantzitsuak" babestera mugatuko; alta, manifestariak zuzenean erreprimitzera bideratuko lituzkete unitate militarrak. Hori gutxi ez, eta kontuan izan behar da horrelako operazioetan helikopteroak, Centaure ibilgailu blindatuak nahiz ur-kanoiak baliatzen dituztela indar-polizialek.

Dena dela, "hirietako istiluetan interbenitzeko" beharra dela-eta, azken orduotan "desados" eta "mesfidati" agertu omen dira unitate horietako kideak. Informazio hori Unité sindikatu polizialak filtratu du. Gainera, eraginkorrak izateko, gaur-gaurkoz unitate berezi horietan jarduten duten agenteen kopurua nahikoa ez dela adierazi dute zenbait hedabidek: hirurak batuta, 1.600 agentek egiten omen dute lan RAID, GIGN eta BRI unitateetan. Kezka hori "justifikatzeko", 2023ko Marseillako (Proventza-Alpeak-Kosta Urdina) istiluak ekarri ditu gogora sindikatuak: Poliziak Nahël 17 urteko gaztea erail zuenean, salaketa-protesta ugari bizi izan ziren hiri hartan. Konfrontazio horietan, bada, RAID unitateak tirokatutako LBD pilota batek Mohammed Bendriss jo, bihotzeko geldialdia eragin, eta beste gazte hori erail zuen. Ondorioz, hiru polizia auzipetu zituzten, eta fiskaltzak Bendrissen heriotza tiroketa horrek eragin zuela erakutsi zuen. Gaur egun, kasuak instrukzio-fasean jarraitzen du, ordea.

Gertakari horiengatik, RAIDen zilegitasun soziala asko txikitu zen. Hala eta guztiz ere, zantzu guztien arabera, kalean izango dira hurrengo orduetan, iragan asteburuan Bordeleko (Akitania Berria) kaleetan barrena aritu baitziren, hain justu, RAID unitateko agenteak.

Hendaiako auzapeza, polizia-dispositibo handiagoa eta komisaria gehiago eskatzen

Eztabaida hori guztia Frantziako hiri nagusietako aurreikuspenek sortu duten arren, Ipar Euskal Herrian ere hasi dira kaleak militarizatzeko eta polizia-dispositiboak handitzeko eskaerak egiten. Urrutira joan gabe, Kotte Ezenarro (PSF) Hendaiako (Lapurdi) auzapezak Lecornuri egindako bi eskari horien berri izan dugu azken egunotan, baita auzapez sozialistak udalerrian beste komisaria bat berkokatu dezatela galdegin duela ere.

"Hendaiarren ongizateak" kezkaturik, "segurtasun-neurriok" galdegin ditu tokiko agintariak; eta, horrela, irtenbide politiko bat eman die astelehenean Herriko Etxearen kontzentrazioan bota zituen adierazpenei. Izan ere, mobilizazio horretan elkartasuna adierazi zien "kaltetutako" udal eta saltokiei, eta asteburuko mobilizazioak "isilik" egin daitezela eskatu zuen Ezenarrok. Oraingo honetan, "hendaiarrek etxean eta espazio publikoan seguru egoteko" eskubidea dutela esan du, eta astebururako iragarritako mobilizazio-deialdiek kezkatuta dutela. Haatik, Hendaian bada Frantziako Poliziaren komisaria bat, baita egoitza bat ere Herriko Etxean bertan; eta, gainera, oraingoz ez da hitzordurik jarri udalerri horretan.