ACTUALIDAD
Familia bat etxegabetu dute Gasteizko Sansomendi auzoan. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak asteak daramatza egoeraz ohartarazten, eta bizitoki-alternatibarik ez daukan familia batek, sei adingabe tartean, gaur galdu du etxea. Erakunde publikoek ez diete inolako alternatibarik bermatu. Horiek horrela, etxe-kaleratzearen aurka mobilizatu da Etxebizitza Sindikatu Sozialista.
Bart arratsaldean, kanpaldi bati ekin zion sindikatuak familiaren etxearen parean, protesta modura. Etxegabetzea gaur goizerako zegoen ezarrita, eta jende ugari zegoen bertan lehen ordutik, desalojoari aurre egiteko prest. 09:30 aldera, ehunka ikasle eta irakasle heldu dira Sansomendira: Gasteizko 11 ikastetxetan deitu dituzte etenaldiak, etxe-kaleratzearen kontra protesta egiteko. Huetos hiribideko 28. zenbakian bildu da jendea.
Karga polizial bortitzak: lau atxilotu eta zauritu ugari
10:00ak ere ez zirela, Ertzaintza borrakadaka sartu da tokira, eta karga polizialei ekin die: atariaren parean zegoen jendea jipoitzen hasi da, eta kordoi poliziala ezarri eta gainerako manifestariak eremutik urrundu ahala, kanpoaldean ere egin ditu kargak. Borraz zauritutako pertsona ugari daude, eta foam balak ere jaurti dituzte ertzainek: gutxienez pertsona bat jo dute bularraldean.
Bortizkeria izugarriarekin jardun du Ertzaintzak, eta protestan zeuden gutxienez lau pertsona atxilotu ditu. Horietako bat adin txikikoa da. 11:00ek jo dutenerako, munizio gabe geratzen hasi dira ertzainak; ia bi orduz luzatu dira kargak inguruan.
Atari barruan protestari eutsi dio jendeak
Kargak karga, 28. zenbakiko atalondo barruan hainbat manifestari zeuden oraindik eguerdiko 12:00ak jotzeko zirenean, etxegabetzearen aurkako protestari eutsiz. Etxebizitza-blokeko hainbat bizilagunek, klase-elkartasunez, ura bota diete kanpoan zeuden agenteei.
Atari barruan zeuden pertsonen aurka interbenitu du Ertzaintzak 12:00etarako: pareko atalondora sartzea lortu du, eta etxebizitza-bloke barruko sarbide baten bidez, etxegabetzearen aurka protesta egiten ari ziren pertsonengana heltzea lortu du. Ate bat bortxaz botata iritsi da Polizia manifestariengana, eta banan-banan haiek kanporatzeari ekin dio.
Udaltzaingoak gauzatu du etxegabetzea: kargak kaleratzearen ondoren
Ertzaintzak atarian zegoen jendea kanporatu ostean, Gasteizko Udaltzaingoko agenteak sartu dira. 12:30 igarota barneratu dira udaltzainak familiaren etxe barrura, eta dispositibo polizial handi batekin kanporatu dituzte familia eta sindikatuko kideak.
Kanpoan jende ugari zegoen kaltetuei elkartasuna adierazten eta protesta egiten. Familia ataritik atera denean eurengana hurbildu dira manifestariak, harrera egiteko asmoz, baina berriz kargatu du Ertzaintzak. Kargak luzatu dira inguruan, eta pertsona gehiago zauritu ditu Poliziak.