AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/03 11:27

Hiru hilabete baino gehiago igaro dira greba hasi zenutenetik. Ezer baino lehen, azal dezakezue zergatik hasi zenuten greba? Zer eskatzen duzue?

Pablo: Greba duela urte eta erdi hasi zen, eta duela hiru hilabete greba mugagabeari ekin genion. Lan-eskaerak berdin mantendu dira ordutik gaurko egunera arte: urtean 3.000 euroko igoera lineala, 2025, 2026 eta 2027rako soldata-igoerak (KPI +%2), %100eko osagarria jasotzea lan-istripuen edo gaixotasun arrunten kasuan, lanaldia murriztea Gasteizko Udaleko gainerako langileekin berdintzeko, orain ditugun 15 minutuen ordez 30 minutuko atsedenaldia izatea, batzar sindikaletarako eta laguntza medikorako orduak, familia kontziliazioa...

Gasteizko berdeguneak eta Eraztun Berdea garbitu eta mantentzen dituzue. Zerbitzu hori publikoa da. Hala ere, Enviserrentzat egiten duzue lan; udalak azpikontratatutako multinazional batentzat. Zer irakurketa egiten duzue azpikontratazioari buruz? Nola eragiten du langileen baldintzetan?

Leire: Azpikontratazioa, argiki, aurrezki ekonomiko bat da udalarentzat eta enpresak langileen kontura aberasteko. Adibidez, ez dute zerikusirik guk azpikontratatuta lan eginda ditugun baldintzek eta udaleko langileek dituzten baldintzek, eta lan bera egiten dugu.

"Azpikontratazioa, argiki, aurrezki ekonomiko bat da udalarentzat eta enpresak langileen kontura aberasteko"

Endika: Enviserren eta beste sektore batzuetako azpikontratetan ikusten ari garena langileen baldintzen prekarizazioa da, lizitazioak egin eta kontratu merkeenei ematen zaizkielako. Eta merkatze hori guk jasaten dugu, langileok. Etekina ateratzeko beren modua da, langileei gutxiago ordainduz eta zerbitzua okerrago eginez.

Mikel: Horren adibide da duela urtebete Eraztun Berdearen proposamena aurkeztu zenekoa. Ordura arte kudeaketaz arduratu zen Eskalmendi enpresak ez zuen zerbitzua merkeago eskaini nahi izan, ez ziolako merezi. Orduan, beste enpresa batek eskaini zuen bere burua, prezioa minimora jaitsiz. Beraz, erakusten ari dira nonbaiten egin behar zituztela murrizketak: langileen baldintzetan.

P: Azpijokoak ere egon daitezke, badakigulako zer den politikakeria. Duela gutxi esan genuen horrek nola funtzionatzen duen. Demagun obra bat edo lizitazio bat ateratzen dutela eta hiru proposamen aurkezten direla: bat 5.000 euroan, beste bat 10.000 euroan eta hirugarren bat 20.000 euroan. Normalean zerbitzua proposamenik merkeenari esleitzen badiote ere, batzuetan, 10.000 euroko eskaintza egin duena laguna denez, berari ematen diote. 5.000 euro haien artean banatzen dituzte eta, beste 5.000 euroekin, enpresarik merkeena kontratatzen dute. Azken finean politikak horrela funtzionatzen du; ezagutzen ez den baina gertatzen den zerbait da. Urrutiago joan gabe, orain Cerdanen eta jende horren guztiaren aurkako ikerketarekin ikusten ari gara.

Gatazkan zehar, enpresarekin eta udalarekin bildu izan zarete. Zer rol jokatu du bakoitzak? Zein izan da haien jarrera negoziazioan?

E: Argi dago enpresak zein udalak antzeko estrategia dutela: higatzearena. Aitzakiak jartzera edo gaiari ihes egitera jolasten dute, erantzukizunik ez hartzeko eta pilota elkarri pasatzeko; eta, azkenean, ezer ere ez mugitzeko. Arazoa denboran luzatzeaz gain, orain gutxieneko zerbitzuak ere ezarri dizkigute, eta horrek asko eragin digu. Higatze hori enpresari eta udalari komeni zaie, haiek nahi dutena sina dezagun.

"Argi dago enpresak zein udalak antzeko estrategia dutela: higatzearena. Aitzakiak jartzera edo gaiari ihes egitera jolasten dute, erantzukizunik ez hartzeko eta pilota elkarri pasatzeko; eta, azkenean, ezer ere ez mugitzeko"

P: Lan-Gatazkak Konpontzeko Borondatezko Prozedurara (PRECO) jotzeko eskatu zaio udalari, hiru aldeen arteko bilera bat egin ahal izateko, eta uko egin dio. Joan den ostiralean mozio bat izan genuen udalean, talde politikoek bozka zezaten ea Artolazabal PRECO-ra joango zen edo ez, baina ezetz atera zen. Eta mozioa onartu izan balute ere, ez zuen joan beharrik izango.

Gu alde batetik udalarekin eta bestetik enpresarekin biltzen gara, eta askotan informazio kontrajarria heltzen zaigu batengandik eta bestearengandik. Eskatzen duguna da hiruko bilera bat, argi gera dadin nor ari den gezurretan, baina udalak ez du inoiz egin nahi izan. Gainera, biktimizazioa erabiltzen du beste ezer ez egiteko.

Eusko Jaurlaritzak duela bi aste ezarritako salbuespenezko gutxieneko zerbitzuak aipatu dituzue. Zertan datza hori? Nola erabiltzen ari dira zerbitzu minimoak enpresa eta udala?

P: Gu higatzeko erabili dituzte gutxieneko zerbitzuak, ez dutelako benetan bete beharko litzatekeena betetzen. Adibidez, moztea behar ez duten parkeak moztu behar ditugu, beste eremu batzuek behar handiagoa duten bitartean. Grebarako eskubidea lege baten bidez kentzeko tresna izan da gutxieneko zerbitzuak ezartzea.

"Grebarako eskubidea lege baten bidez kentzeko tresna izan da gutxieneko zerbitzuak ezartzea"

M: Txostenak suhiltzaileen eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren artean egin badituzte ere, lanen zehaztapena enpresaren kontura utzi izana salatzen dugu. Ez dira gutxieneko zerbitzu ohiko batzuk, non Eusko Jaurlaritzak agintzen duen plantillaren ehuneko batek lanean hasi behar duela: lan batzuk agindu dituzte eta enpresak erabakitzen du zenbat jende sartzen den horretan, zenbat lorategi moztu behar diren, nola moztu behar diren...

L: Zerbitzu minimo horien ezarpenean, funtsezko bi esaldi daude. Batak dio izendatu diren lanak beharrezkoa den jendearekin eta ahalik eta denbora laburrenean amaitu behar direla; hau da, plantillaren %100az ere hitz egin genezake. Besteak dio zortzi parke handiak moztu behar ditugula, perimetralak kasu batzuetan, baita hiriko gainerako berdeguneak ere. Berdeguneak oso zabalak dira, hiri osoa izan daiteke. Iruditzen zaigu horrekin interpretazio irekia utzi diotela enpresari gurekin jolasteko eta, jakina, greba izorratzeko. Enpresak esan du oraingoz %30eko muga errespetatzen ari dela, baina grebalarien gutxienez %50 gara zerbitzu minimoak betetzera deitu gaituztenak.

"Grebalarien gutxienez %50 gara zerbitzu minimoak betetzera deitu gaituztenak"

Grebarako eskubidearen aurkako eraso horrez gain, hiru hilabete hauetan hainbat errepresio mota jasan dituzue: lehen piketearen aurkako kargak, identifikazioak, arduradunen mehatxuak... Azken kasua joan den astean ikusi genuen, Beatriz Artolazabal alkateak salaketa bat jarri zuela iragarri zuenean, San Juan suetan panpina bat erretzeagatik jasan omen zuen jazarpena iker zedin. Salaketa legaletik haratago, alderdi politikoek eta hedabideek ere egoera aprobetxatu dute zuen borroka kriminalizatzeko. Zer lortu nahi dute kriminalizazio horrekin?

L: Tradizioz, San Juan suak jende askok aprobetxatzen ditu zama den guztia kentzeko, hitz negatiboak dituzten paperetatik hasi eta objektuetaraino. Ezagunak dira failetan erregearen, Mazonen edo Netanyahuren irudien erreketak. Erantzukizun zuzena duten eta gatazka konpontzeko lagungarriak ez diren figurak publikoki salatzeko modu bat da.

Ekintza horiek kriminalizatuz, arreta borrokatik, eskatzen dugunetik eta gure prekarizaziotik beste puntu batera desbideratzea lortzen dute. Batetik, erantzuleak biktimizatzen dituzte, eta, bestetik, seinalatu egiten gaituzte. Azkenean, jendearen iritzia sugestionatzen saiatzen dira, grebaren aurka agertzeko. Oro har, herritarren zati handi bat dugu gure alde, eta horrek min handia egiten die.

"Herritarren zati handi bat dugu gure alde, eta horrek min handia egiten die"

E: Greba berriro ere zentro mediatikoan kokatzea lortu zuten, dena den; batez ere, gutxieneko zerbitzuak inposatu eta gero, kolpe handia eman eta dardarka utzi gintuztelako. Uste dut greba berriro bere lekuan jartzen lagundu duela gertatutakoak. Izan ere, batzuek uste zuten berriro lan egitera bueltatu ginela eta greba amaitu zela.

P: Tentsio-testuinguru honetan, oso garrantzitsua iruditzen zaigu prentsaren funtzioa aipatzea; ematen duen gure irudiarena. Adibidez, hau izan zen Ser-en lerroburu bat: "Lorezainen grebak atzeratu egin du Gasteizko zuhaitzak berreskuratzeko plana. Egokiena udaberrian hastea izango litzateke, baina udazkenean izango da". Guri erasotzeko modu ezkutu bat da hori.

"Oso garrantzitsua iruditzen zaigu prentsaren funtzioa aipatzea; ematen duen gure irudiarena. [...] Lorezainen grebaren ondorioz Gasteizen izandako alergia kasuak igotzen ari direla esan zuten, [...]. Badirudi gertatzen den guztia lorezainen erruz gertatzen dela"

Gauza bera gertatzen da alergia kasuekin. Lorezainen grebaren ondorioz Gasteizen izandako alergia kasuak igotzen ari direla esan zuten, Kantauri isurialde osoan igaro dugun udaberri euritsua zela eta, alergia kasuak igoko zirela aurreikusi zenean aurrez. Badirudi gertatzen den guztia lorezainen erruz gertatzen dela.

Erasoak eraso, borroka ez da amaitu. Zer erronka dituzue hemendik aurrera? Eta, agian goiz samar bada ere, zer irakaspen ateratzen duzue orain arteko borrokatik?

E: Lehenik eta behin, uztailaren 4an [gaur] 18:30ean Artiumetik hasita egingo dugun manifestazioa dugu, egun berean Gaztetxean egingo dugun jaialdiarekin batera. Aurrekoan bezala, Gasteizen babesa eta erantzuna espero dugu, eta hori izugarri eskertzen dugu.

Hortik haratago, azpikontratazio-politika honekin amaitzeko prest gaude. EAJ eta PSE-EE beldur dira esperientzia honek beste azpikontratazio batzuetan eragina izango ote duen, eta gatazka ez konpontzeko foku nagusia dira. Kontzientziatuta gaude borroka honetan horrekin guztiarekin amaitu nahi dugula, ez gugatik bakarrik: baita atzetik etorriko direnengatik eta egoera berean dauden beste enpresa batzuetako langileengatik ere.

"Kontzientziatuta gaude borroka honetan horrekin guztiarekin amaitu nahi dugula, ez gugatik bakarrik: baita atzetik etorriko direnengatik eta egoera berean dauden beste enpresa batzuetako langileengatik ere"

M: Harritu egin gaitu jendearen babesak. Pozgarria da kalean lanean egotea eta ezezagunak gerturatzea elkartasuna adieraztera, borrokan jarraitu behar dugula esatera. Herritarren babesa behar dugu, guztion esku baitago.

L: Urte askoan, nahi izan dutena egin dute gurekin, sektore hau oso prekarizatuta egon delako, aspaldiko utzikeriekin. Baina, bakoitza berera egotetik, zera esatera pasatu gara: ez, orain ez dugu bat bera ere pasatzen utziko, gertatzen den guztia salatuko dugu. Lo gauzkate, baina ez gara jabetzen zer egiteko gai garen elkartzen garenean.

EZ DAGO IRUZKINIK