Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) behin eta berriz gezurtatu du gaur-gaurkoz Israelgo Estatuarekin loturak dituenik, nahiz eta, errealitatean, frogatu duen ez daukala inolako arazorik sionistekin kolaboratzeko eta harremanak mantentzeko, modu batera edo bestera. Esaterako, Zibersegurtasun Katedra jarri zuen martxan EHUk, armada sionistarekin harreman zuzena duen aditu baten parte-hartzearekin eta Tel Aviveko Unibertsitatearekin jarduteko ateak irekita; nahiz eta, azkenean, hainbat irakaslek eta ikaslek egindako presioa zela-eta, proiektua eten behar izan duen.
Ezaguna da, horretaz gain, unibertsitateak lotura duela Israelgo Estatu terroristarekin eta bere indar militarrekin negozioa egiten duten enpresa pribatu askorekin. Horregatik seinalatu dute ikasleek EHUren hipokrisia, hilabete honetan bertan Palestinaren askatasunaren alde egindako kanpaldietan: azaldu dutenez, Israelgo Estatuarekin harremanak mozteak berekin dakar sionistekin negozioa egiten duten enpresekin ere harremanak etetea, eta HP, AXA edota CAF enpresekin lankidetzan segitzen du EHUk.
Mundu osoko ikasleak ari dira tokian tokiko unibertsitateei exijitzen loturak moztu ditzatela Israelgo Estatu sionistarekin, kanpaldi eta mobilizazio jendetsuen bidez. Testuinguru horretan esan zuen Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Ordezkaritzak (CRUE, gazteleraz) asmoa zuela sionistekin harremanak hausteko, baina hori gogor kritikatu zuen Euskal Herrian Ikasle Abertzaleak antolakundeak: "Hitz hutsak baino ez zaizkigu iruditzen, unibertsitateak ez baitaude prest hitzak ekintzetara eraman eta Israelgo Estatu sionistaren genozidioan kolaboratzen duten enpresekin harremanak eteteko".
EHU eta Tecnalia, palestinarren kontrako sarraskiaren konplize
Hori guztia gutxi balitz, Ahoztar Zelaietak gaur bertan jakinarazi du, El Salto-n, beste proiektu sionista batekin kolaboratzen duela EHUk 2024ko urtarriletik. Izan ere, Europa mailako QUENCH zientzia-akordioaren parte da EHU; baita Tecnalia euskal ikerketa-zentro ezaguna ere (bertako patronatuan dago unibertsitate publikoa). Lankidetza-itun horren barruan, TECHNION institutu sionistarekin (Research and Development Foundation Ltd. Israel Institute of Technology) aritzen dira elkarlanean.
Institutu hori funtsezkoa ari da izaten Israelgo Estatu genozidak mundu mailan izan dezakeen garapen eta garrantzi teknologikoari dagokionez. Eta odolez zikinduta ditu eskuak, noski: Palestinako lurren okupazioa eta palestinarren kanporaketa masiboa babesten eta ahalbidetzen ari den instituzio nagusietako bat da. Adibidez, palestinarren etxeak eraisteko erabiltzen ari diren bulldozer telegidatuak garatu ditu TECHNIONek.
Gainera, indar militar sionistentzako ikerketa-programak ditu institutu horrek, eta "harreman estua" du ELBIT Systemsekin, Zelaieta kazetariaren arabera. Talde horrek, hain justu, Gazan "probatutako" armak saltzen dizkio Espainiako Gobernuari; alegia, palestinarren kontra erabilitako armak.
EHU: 410.000 euro
Aipatutako lankidetza-proiektuaren barruan, 510.000 euro jasoko ditu TECHNION institutu sionistak. EHUk 410.000 euro lortuko ditu, eta Tecnaliak 60.000 euro. EHUren parte-hartze zehatzari dagokionez, badirudi Teknologia Kuantikoen alorrean arituko dela, unibertsitateko ikerketa-talde baten bidez. Talde hori gidatuko du, hain zuzen ere, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle eta ikerlari batek.
Tecnalia eta Tekniker ere burubelarri sionistekin
Lankidetza horretaz gain, Tecnaliak beste talde sionista batekin jardungo du elkarlanean datorren urritik aurrera. Israelgo Estatuko Hydroliterekin (ELBIT Systemsen filial bat) batera hartuko du parte Europar Batasunak sustatutako proiektu batean, BIOPYRANIA delakoa, energia berriztagarrien bueltan. Lehen esan bezala, EHU dago Tecnaliaren patronatu instituzionalean, baina ez da hura osatzen duen erakunde publiko bakarra: horren parte dira Eusko Jaurlaritza eta EAEko hiru aldundiak ere.
Eta hori ez da EHUk modu batera edo bestera bultzatu duen elkarlan bakarra sionistekin: Tekniker teknologia-zentroko patronatuaren parte ere bada unibertsitatea, eta eguzki-energiari buruzko HELIOTROPE proiektuan kolaboratuko du Teknikerrek, Brightsource Industries Israel LTD taldearekin batera.