AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/10/19 08:44

EHU sarraskiaren konplize. Palestina libre dioten pintaketekin eta kolore gorri biziko margoarekin markatu dute gaur, urriaren 19an, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU/UPV). Hain justu, Leioako (Bizkaia) campuseko errektoretzan eta Bilboko (Bizkaia) Ingeniaritza Eskolan izan dira markatzeak, eta unibertsitatea seinalatu dute Israel genozidaren kolaboratzaile eta Palestinako sarraskiaren erantzule gisara. 

Izan ere, jakina da Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) enpresa pribatu ugarirekin dituela harreman zuzenak eta harreman horiek estutzeko eta harreman berriak sortzeko xedea duela epe motzean; dena den, EHUrekin lotutako enpresa horien artean, badira Israelgo Estatua legitimatu eta Palestina zuzenean zapaltzeko Israelgo Armada hornitu duten enpresak. Horietako hiru dira Sapa Placencia, ITP Aero eta CAF.

Sapa Placencia Soraluzen (Gipuzkoa) sortutako arma-enpresa bat da, eta EHUrekin elkarlanean aritzen da (EHUk enpresa horren intereserako den Gradu Amaierako Lan bat eskaintzen du). Sapa enpresak harreman zuzenak ditu, besteak beste, Amerikako Estatu Batuetako Armadarekin. Armada horrek berak, orain dela astebete, munizioen lehen kargamentua, gerrarako hainbat itsasontzi eta 2.000 soldadu bidali zituen Israelgo Estatuari laguntzeko.

ITP Aero, berriz, Zamudioko (Bizkaia) enpresa bat da, eta motore aeronautikoekin eta horiei lotutako osagarriekin egiten du lan. Ugariak dira Israelgo Estatuarekin zein bere aliatu nagusi bilakatu den Ameriketako Estatu Batuekin ITP Aerok dituen loturak. 2023ko urriaren 17an, AEBetako BP Aero enpresa erosi du. Produktu militarren sostenguaz arduratzen da BP Aero, besteak beste. 2023ko urriaren 16an, bestetik, aldatu egin dute ITP Aeroko zuzendaritza nagusia (CEO, ingelesezko sigletan), eta Eva Azoulay israeldarra izendatu dute zuzendari orokor. Azoulay, orain arte, Pratt & Whitney enpresa estatubatuarreko zuzendaritzan ibili da, eta enpresa horrek ekoitzi izan ditu Israelgo Armadaren F-35 hegazkinak.

Indra enpresa, bestalde, Bain Capitalekin batera, akordio batera iritsi da ITP Aeroren zati bat erosteko. Indra izan zen, pasa den maiatzean, Israelen menpeko palestinar lurretan Adimen Artifizialaren bitartez funtzionatzen duen bidesari dinamiko sistema ezarri zuena.

CAF ere izan da, historikoki, Israelgo Estatuarekin harreman ikaragarria izan duen euskal enpresetako bat, eta baditu harremanak EHUrekin ere. Bulego bat dauka CAFek Bilboko (Bizkaia) Ingeniaritza Eskolan, ikerkuntzarako beste hainbat eskaintzarekin batera. 

EZ DAGO IRUZKINIK