AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/03/12 10:58

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) 2023ko urrian sinatu zuen lankidetza-akordio bat Espainiako Zibersegurtasun Institutuarekin (INCIBE). Horren emaitza da, hain zuzen ere, EHUk oraintsu sortu duen Zibersegurtasun Katedra, Europako Next Generation planaren barruan. Hordago-k jakinarazi duenez, unibertsitateko Gobernu Kontseiluak joan den otsailaren 22an hartu zuen erabakia.

Katedra berriari buruzko memoria-testuak nazioartean ehundu beharreko harremanak aipatzen ditu. Eta, horretan, EHUk azpimarra egiten dio Tel Aviveko Unibertsitateari. Hain zuzen ere, "eredutzat" hartzen du Israelgo entitate sionistako unibertsitatea. Hordago-k jakinarazi duenez, gainera, sionistek Gazako palestinarren kontra oldarraldi militarrari ekin eta egun gutxira onartu zuen EHUk katedra berriaren sorrera.

Proiektuari buruzko agiriak jasotzen duenez, "Espainian zibersegurtasunaren kultura sustatzeko ekintzak hedatzera bideratuta" dago Zibersegurtasun Katedra; "bai eta zibersegurtasunean espezializatutako ezagutzak eta gaitasunak sortu, transmititu eta zabaltzera ere". Katedra berriaren bidez, EHUra 500 ikasle eta 300 enpresa erakartzea espero dute, baita nazioarteko hamar unibertsitatek eta lanbide heziketako 25 zentrok parte hartzea ere. 1,65 milioi euro inguruko aurrekontu bat izango du, eta horren %75 hartuko du bere gain INCIBEk, antza. EHUk 450.000 euro inguru inbertituko ditu.

Harreman zuzena sionistekin

Katedrari buruzko akordioak berak argitzen duenez, "zehazki, lankidetza sustatu nahi da erreferentziazko nazioarteko unibertsitateekin, hala nola, Tel Avivekoarekin". Memoriaren arabera, katedrari loturiko lan-taldearen parte izango da, besteak beste, Shaul Amir israeldarra. "Zibernetika erasokorra nahiz defentsakoa" lantzen dituen aditu bat da Amir, eta 6d Cyber enpresako zuzendaritzaren parte da. Enpresa horrek lotura zuzena du Israelgo Armada sionista genozidarekin.

EHUren katedrak, gainera, Tel Aviveko material batzuen erabilera barne hartzen du. Badirudi katedrarako beharko diren materialek eta online plataformaren kudeaketak 530.000 milioi euroko kostua izango dutela, eta euren gain hartuko dutela hori EHUk berak, Tel Aviveko Unibertsitateak eta zenbait enpresak; hala nola, Cybertix, Immune, Inkor eta Vicomtech enpresek.

Iazko urrian, sionistek gazatarren kontrako oldarraldi masiboari ekin ziotenean, EHU seinalatzeari ekin zioten hainbat campusetan, Palestinako sarraskiaren konplize gisa. EHUk harreman zuzena dauka Israelekin eta indar militar sionistekin negozioak dituzten hainbat enpresarekin; esaterako, CAFekin, Sapa Palenciarekin eta ITP Aerorekin.

NATOren apustua

Hordago-k azaldu duenez, Felix Barrio INCIBEko zuzendariak 2023ko apirilean aurkeztu zion proposamen bat NATOri, Espainiako Estatuak har dezan zibersegurtasuneko eta ziberdefentsako startup-en azeleragailu bat. Proiektu horrek Leonen izango luke egoitza nagusia, eta hiru "Test Center" Euskal Autonomia Erkidegoan, Madrilen eta Malagan banatuta. NATOk, izan ere, zibersegurtasunaren alorreko hainbat enpresa sustatu nahi omen ditu datozen urteetan.

Ildo horretan, Defence Innovation Accelerator for the North Atlantic (DIANA) proiektua dauka martxan Aliantza Atlantikoak, eta horren parte da Espainiako Estatua ere. NATOren tresna bat gehiago izango da teknologia-azeleragailuaren proiektua; besteak beste, adimen artifiziala, datu erraldoien prozesatzea, bioteknologia eta abar sustatzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK