Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako Etxebizitza Lege berri bat daukate esku artean EAJk eta PSE-EEk, eta onartzeko bidean da jada. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak agerraldi baten bidez salatu duenez, ordea, "ziklo eraikitzaile eta errentista berri bat abiarazteko balioko du" araudi horrek, "eta ez du benetako etxebizitza-arazoa konponduko".
Sindikatuaren esanetan, EAEko lege berria "premisa erabat faltsu batetik abiatzen da", "etxebizitza-arazoaren jatorria merkatuaren errentagarritasun faltan" kokatzen baitu. Hortaz, nabarmendu dute merkatuko sektore hori "inbertsio kapitalistentzat errentagarriago eta seguruago egitea" bilatu ohi dutela erakunde publikoek, eta horixe dela EAJren eta PSE-EEren ekimenaren funtsa.
Legedia aldatuz, "langileriak ekoitzitako aberastasunaren zati handiagoa eraikuntza-enpresa eta higiezinen esku uztea" eta negozio hori "are gehiago finantzatzea" bilatzen dutela salatu du sindikatuak. Izan ere, gogora ekarri du etxebizitzaren negozioaren garrantzia: "Higiezinen merkatuaren errentagarritasuna gaur egun %15 ingurukoa da, beste sektore gehienetan %3 eta %7 artean den bitartean".
Etxebizitza Legea eta hiru ondorio nagusiak
Etxebizitzaren Legeak ekarriko lituzkeen hiru ondorio nagusiak azaldu ditu sindikatuak, gainera. Lehenik eta behin, azpimarratu du "baliabideak egoera okerrenean daudenei kendu eta gizarte-maila ertainetara bideratuko" dituztela: "Ehunka mila euro zuzenduko dira eraikuntza-enpresa eta errentistengana lurzoru publikoen, salbuespen fiskalen eta diru-laguntzen bidez, gizarte-larrialdietarako zerbitzuak murrizten diren bitartean", sakondu du. Adibide modura aipatu ditu, hala nola, "aterpetxeen itxierak, langile murrizketak eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma".
Bigarrenik, lege berriak "hirigintza- eta ingurumen-arauak malgutuko" dituela ohartarazi du sindikatuak. "Gehiago, azkarrago eta errentagarriago eraikitzea helburu, bizigarritasun-irizpideak eta ingurumen-ebaluazioen prozedurak malgutuko dira", jakinarazi du: "Orain lonjetan edo beheko solairuetan etxebizitzak eraiki ahal izango dira, etxebizitzen batez besteko kalitatea okertuz eta ingurumena arriskuan jarriz".
Eta, azkenik, "etxebizitza eskuragarriari" buruzko kontzeptua zabalduko dutela iragarri du. "Kontzeptu horrek ez du esanahi zehatzik eta enpresek abantaila fiskal eta laguntza ugari jasotzeko aukera izango dute", jarraitu du: "Etiketa horren azpian, 300.000 euroko etxebizitzak ere saldu ahal izango dira eskuragarri gisa, eta horrek erakusten du benetako helburua sektorearen errentagarritasuna bermatzea dela".
Etxebizitzaren negozioaren aurka
Beste hainbatetan egin bezala, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak berriz seinalatu du "etxebizitzaren arazoa ez dela konponduko etxebizitzaren negozioa finantzatuz". Are gehiago: defendatu du "etxebizitza-politiketatik eraikuntza-enpresen eta higiezinen esku-hartzea kanporatu" behar dela eta "langile-klasearen kontrola handitu" behar dela "etxebizitzaren inguruko erabakietan".
"Enpresariek eta politikari profesionalek etxebizitzaren politika kontrolatzen jarraitzen duten bitartean, emaitza beti bera izango da: irabazi gehiago betikoentzat eta miseria gainerakoentzat", gogorarazi du. Hortaz, dei egin du "klase-antolakuntza indartzera eta bizitza-baldintzak defendatzera", lege hau ere "espekulazioaren eta higiezinen negozioaren mesedetan egindako tresna" delakoan.