ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/08 09:03

Donostiako (Gipuzkoa) Zentro Sozialistak urte bat beteko du hilabete honetan, eta, aurreneko urteurrena ospatzeko, hainbat ekimen antolatu ditu hurrengo asterako Donostiako Kontseilu Sozialistak. Apirilaren 18an, ostegunez, Ekida Arte Ekimen Sozialistaren azken antzezlana eskainiko dute zentroan: Plaza hau gurea da. 20:00etan izango da emanaldia, eta, horren ostean, jaialdi bat egingo dute bertan.

Apirilaren 20an, larunbatez, Zentro Sozialistaren urteurrena ospatzen jarraituko dute arratsaldetik. 19:00etatik aurrera girotuko du iluntzea D'Jeiks musika jartzaileak, eta brindis bat egingo dute 20:45ean. Horren ondoren, 21:00etan hasita, afari bat izango da. Izena eman behar da aldez aurretik, Urka tabernara bertaratuta edota Donostiako Kontseilu Sozialistaren sare sozialetara mezu bat bidalita.

Zentro Sozialista, borroka antolatuari esker egonkortuta

Donostiako Kontseilu Sozialistak 2023ko apirilean jakinarazi zuen Zentro Sozialista bat ireki zuela Egia auzoan, "antolakuntza baliabide gisa eta proletalgoaren autodefentsa espazio gisa". Zentroa husteko prozedura judiziala jarri zuen martxan Sukia enpresak (bera da eraikinaren jabe legala), eta, horri lotuta, bista bat zegoen deituta Donostiako epaitegian iazko abenduaren 1erako, azaroaren amaieran ohartarazi zutenez.

Aurreko asteetan, baina, gogor egin zuten borroka Donostiako Kontseilu Sozialistak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak. Sukiari presioa egin zioten, desalojo prozedura eten zezan, eta protesta-ekintza ugari izan ziren: elkarretaratze bat Sukiaren egoitza nagusian, seinalatzeak enpresaren hamaika egoitzatan eta propaganda-taulatan... Azkenean, lortu zuten Sukiak Zentro Sozialistaren kontrako prozedura bertan behera uztea.

Kontseilu Sozialistako kideek abenduaren hasieran azaldu zuten, aurreko asteetako borrokari esker, zentroa egonkortzea lortu zutela. Espazioa hainbat urtetarako bermatzea lortu dute, idatzizko berme horiek guztiak hitzarmen batean jasota.

NO HAY COMENTARIOS