ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Hitzaldi bat, Donostiako Zentro Sozialistan.
2023/11/23 23:08

Huste arriskuan dago Donostiako (Gipuzkoa) Zentro Sozialista, bertako Kontseilu Sozialistak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak atzo azaldu zutenez. Sukia enpresaren jabetzakoa da eraikina, eta hura husteko eta, beraz, Zentro Sozialista desagerrarazteko prozedurari heldu dio. Auzi judizial bat dago irekita Zentro Sozialistaren kontra, eta apirilaren 1erako dago ezarrita bista bat epaitegian. Bista horretara deituta dago kide bat.

Donostiako Kontseilu Sozialistak joan den apirilean jakinarazi zuen eraikin bat birjabetu zuela Egia auzoan, Zentro Sozialista bilakatzeko. Atzo gogorarazi zutenez, "proletalgoaren miseria egoera gainditzeko espazio gisa" aurkeztu zuten zentroa; "antolakuntza baliabide gisa eta proletalgoaren autodefentsa espazio gisa", hain zuzen ere.

Horri lotuta, Zentro Sozialistari azken hilabeteetan emandako erabilera ekarri dute gogora Kontseilu Sozialistako kideek: aholkularitza eta babesa emateko bulegoak ireki dituzte bertan Donostiako Etxebizitza Sindikatuak eta Laneko Autodefentsa Sareak, eta elkartzeko eta jardun publikorako gune bat bihurtu da espazioa hainbat antolakunde politikorentzat. Horretaz gain, "diruaren logika baztertzailetik kanpo", Zentro Sozialistan doako zerbitzuak eskaini dituzte; hala nola, klase partikularrak eta kirol entrenamenduak.

Kontrajarritako ereduak

"Konpromiso eta lan desinteresatuaren eredu horri", ordea, "milaka espazio hutsik mantentzen dituen jabetza kapitalistaren eredua gainjarri zaio", Donostiako Kontseilu Sozialistak eta Defentsa Komunitateak seinalatu dutenez: "Sukiarentzat, eraikin hori espekulatzeko beste higiezin bat besterik ez da, negozioa egiteko helburu bakarrarekin indarrez kendu nahi digutena". Salatu dute Sukiak, Zentro Sozialista hustearen bidez, "etorkizunean gauzatuko diren aldaketa urbanistikoak aprobetxatu" nahi dituela, "etekin ekonomikoak emango dizkion proiektu bat abiarazteko". Zehazki, hamabost pisuko hiru dorre eraiki nahi ditu gaur egun Zentro Sozialista dagoen tokian, "denak negozioa egiteko".

"Eraikuntza enpresek, espazioei gehiengo sozialaren mesedera egongo den erabilera eman beharrean, etekin ekonomikoen araberako proiektuak gauzatzen dituzte, baita horretarako jardun soziala eta politikoa duten espazioak desalojatu eta hutsik mantendu behar badituzte ere", salatu dute Kontseilu Sozialistak eta Defentsa Komunitateak. Sukiak, zehazki, 160 milioi eurotik gorako aktiboa biltzen du, "milaka etxebizitza, eraikin eta lur-sail izanik bere jabetzan".

Gaitzetsi dute, gainera, "proletalgoa etxebizitza eta antolakuntzarako eskubiderik gabe uzteko" inpunitate osoa daukatela Sukia bezalako jabe handiek, "bide guztiak beren irabaziak bermatzeko diseinatuta baitaude". "Legea, parlamentua, Polizia, epaileak, administrazioa eta era guztietako baliabideak haien alde dituzte beren interesak babesteko", gehitu dute.

Espekulatzaileen kontra

Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak eta Donostiako Kontseilu Sozialistak, hortaz, Sukiak Zentro Sozialista hustu nahi duela salatu dute. Espekulatzaileen aurka borroka egitera deitu dute, baita Zentro Sozialistak defendatzera ere.

Abenduaren 1erako ezarrita dagoen bista bertan behera utz dezala exijitu diote Sukiari, baita, orokorrean, Zentro Sozialista husteko prozedura eten dezala ere. Hori lortzeko bidean, borrokan jarraituko dutela azpimarratu dute.

NO HAY COMENTARIOS