ACTUALIDAD / Violencia machista
Bortxaketagatik salatutako polizia-buruak %20ko gainsoldata izango du bizi osorako
Lege frankista bati esker, Jose Angel Gonzalezek %10eko igoera izango du bere pentsioan, Polizia Merezimenduaren gurutze gorri bakoitzeko.
2026eko otsailaren 24
Bortxaketagatik salatutako polizia-buruak %20ko gainsoldata izango du bizi osorako

Erretiroa hartu du Espainiako Poliziako DAO ohiak, Jose Angel Gonzalezek, eta %20ko gainsoldata izango du bizi osorako. 41 urteko ibilbidean, Polizia Merezimenduaren bi gurutze gorri jaso ditu, Vozpópuli egunkari eskuindarrak gogorarazi duenez.

Gonzalezek aurreko asteartean eman zuen dimisioa, emakumezko inspektore batek bere aurkako kereila bat aurkeztu eta gero, bortxaketagatik. Biktimak salaketa jartzean azaldu duenez, polizia-buruak iazko apirilean egin zion sexu-erasoa. Kargua utzi izanak, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) berretsi ostean, Gonzalez erretirora eraman du automatikoki. Ezin izan du 2024ko lege-erreformaz baliatu; arau horrek aukera emango lioke DAOko karguan jarraitzeko, 67 urte bete arte.

1964ko lege frankista batek arautzen ditu kondekorazioak, eta indarrean dago oraindik. Lege horrek ezartzen du dominei lotutako onurak "biziartekoak eta metagarriak" izango direla. Erretiro garaian, aurrez lortutako gurutze gorri bakoitzak %10eko igoera dakar hileko ordainsarian. Gonzalezek, gainera, Polizia Merezimenduaren hiru gurutze zuri ere baditu, baina ez dakarte osagarri ekonomikorik gerora.

Oscar San Juan komisarioak, Gonzalezen aholkulariak eta Mini DAO ezizenez ezagunak, Polizia Merezimenduaren domina zuri bat dauka (saririk goraipagarriena), joan den urrian Fernando Grande Marlaskak emana. Espainiako Barne Ministerioak asteazkenean kargugabetu zuen San Juan, biktimak kereilan azaldu baitu presioa egin ziola berak ere, Gonzalez salatu ez zezan eta bortxaketa isilpean gorde zezan. Domina horrek, jardunean dagoenez, %15eko biziarteko igoera dakarkio nominan.

Gonzalez eta San Juan elkarrekin bazkaltzen ari ziren 2025eko apirilaren 23an, lehenengoak biktimari agindu zionean auto kamuflatu bat hartu eta jatetxera joan zedila. Barne Ministerioaren etxebizitza ofizial batera eraman zuen gero, eta bertan bortxatu zuen. Polizia-buru ohiak martxoaren 17an deklaratu beharko du epailearen aurrean, baina bizi osorako plus bat jasoko du bere dominengatik. Bitartean, Espainiako Estatuko erakundeek harrokeriaz hitz egiten dute "indarkeria matxistaren aurkako borrokaz", baina indarkeria hori bera gauzatu duten goi-agintarien pribilegioak mantenduz, Francisco Franco jeneral faxistak markatutako lege-esparruari jarraikiz.