Gaur ere greba eguna dute Gasteizko (Araba) Mercedes-Benz lantokian, eta bederatzigarren egunez, ekoizpena geratu dute beharginek. Aste honetan, hain justu, hiru egunez jarraian egin dute greba. Gehiengo sindikalak (PIM, UGT, CCOO eta Ekintza) deialdia atzera bota arren, langile gehienek babestu dute greba, eta ez dute baztertzen mobilizazioekin jarraitzea.
Gehiengo sindikalak eta enpresako zuzendaritzak aste honetan adostu dute aurreakordio bat hitzarmenaren inguruko negoziaketan, eta langileek astelehenean erabakiko dute proposamena babestu edo ez, boto bidez. CCOO eta UGT sindikatuek esan dute ez dutela aurreakordioa sinatuko langileek babesten ez badute. Emilio Titos Gasteizko plantako zuzendariak, berriz, mehatxu bat egin du: beharginek aurreakordioa onartzen ez badute, "amaieraren hasiera izango da", bere esanetan.
Aurreakordioaren alde edo kontra egiteko erreferendumaren atarian, beraz, protestekin jarraitzen dute langileek; proposamena babesten duten edo ez ikusteko neurgailu gisara erabili du hori askok.
Aurreakordioa, puntuz puntu
Aurreakordioak desagerrarazi egiten du seigarren gauez jarraian lanera joan behar izateko aukera, baina mantendu egiten du malgutasuna. Gainera, ez du soldaten eguneraketarik egiten 2021eko eta 2022ko Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) kontuan hartuta, eta hurrengo urteetarako ere mugatu egiten du soldaten igoera. ELA, LAB eta ESK sindikatuek salatu dute, gainera, zuzendaritzak ez duela asteburuetako eta jaiegunetako baldintzen inguruan hitz egin nahi izan, eta azkeneko eskaintzan bezala mantendu dituela errelebo bidezko kontratuak.
Nagusiki, ondoko puntuak jasotzen ditu gehiengo sindikalak eta zuzendaritzak erdietsitako aurreakordioak: