AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Langileen asanblada bat. ARGAZKIA / LAB
2022/07/15 09:15

Gaur ere greba eguna dute Gasteizko (Araba) Mercedes-Benz lantokian, eta bederatzigarren egunez, ekoizpena geratu dute beharginek. Aste honetan, hain justu, hiru egunez jarraian egin dute greba. Gehiengo sindikalak (PIM, UGT, CCOO eta Ekintza) deialdia atzera bota arren, langile gehienek babestu dute greba, eta ez dute baztertzen mobilizazioekin jarraitzea.

Gehiengo sindikalak eta enpresako zuzendaritzak aste honetan adostu dute aurreakordio bat hitzarmenaren inguruko negoziaketan, eta langileek astelehenean erabakiko dute proposamena babestu edo ez, boto bidez. CCOO eta UGT sindikatuek esan dute ez dutela aurreakordioa sinatuko langileek babesten ez badute. Emilio Titos Gasteizko plantako zuzendariak, berriz, mehatxu bat egin du: beharginek aurreakordioa onartzen ez badute, "amaieraren hasiera izango da", bere esanetan.

Aurreakordioaren alde edo kontra egiteko erreferendumaren atarian, beraz, protestekin jarraitzen dute langileek; proposamena babesten duten edo ez ikusteko neurgailu gisara erabili du hori askok.

Aurreakordioa, puntuz puntu

Aurreakordioak desagerrarazi egiten du seigarren gauez jarraian lanera joan behar izateko aukera, baina mantendu egiten du malgutasuna. Gainera, ez du soldaten eguneraketarik egiten 2021eko eta 2022ko Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) kontuan hartuta, eta hurrengo urteetarako ere mugatu egiten du soldaten igoera. ELA, LAB eta ESK sindikatuek salatu dute, gainera, zuzendaritzak ez duela asteburuetako eta jaiegunetako baldintzen inguruan hitz egin nahi izan, eta azkeneko eskaintzan bezala mantendu dituela errelebo bidezko kontratuak.

Nagusiki, ondoko puntuak jasotzen ditu gehiengo sindikalak eta zuzendaritzak erdietsitako aurreakordioak:

  • Seigarren gauaren ezabapena
  • Errelebo bidezko kontratua 250 langile baino gehiagorentzat
  • 150 lan-kontratu aldi batekoak izatetik finko izatera igarotzea
  • Aldi bateko kontratuen ehunekoa mugatzea, gehienez %15ekoa izan dadin
  • Enpresan 25 urte betetzean, ordainsariak ematea
  • Hitzarmena sinatzean, 500 euroko ordainsari bakar ez-finkagarria ematea
  • 2021ari dagokionez, 4.000 euroko ordainsari ez finkagarria ematea
  • 2022ari dagokionez, %6ko igoera kontzeptu guztietan
  • 2023ari, 2024ari, 2025ari eta 2026ari dagokienez, %2,25eko igoera
  • Eraldaketa-ordainsari berri bat ematea, urtean 1.000 eurokoa
  • 200.000 ibilgailu baino gehiago ekoizten badira, urteko 500 euroko ordainsaria ematea
EZ DAGO IRUZKINIK