ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/02/21 09:01

Urtarrilaren 18an sartu zen indarrean Beasain (Gipuzkoa) eta Bergara (Gipuzkoa) arteko A-636 autobiako bidesari berria, eta ez dute etenik neurriaren aurkako mobilizazioek. Joan den larunbatean, otsailaren 19an, ehunka pertsona atera ziren kalera Beasainen, Goierriko Kontseilu Sozialistaren deialdiarekin bat eginda. Peajerik ez! Bizitzaren garestitzea gelditu aldarri hartuta mobilizatu ziren.

Kontseilu Sozialistako kideek nabarmendu zuten "bizitzaren garestitzearen beste adibide garbi bat" dela bidesari berria, eta "krisi kapitalistaren barruan" ari dela gertatzen bizimoduaren garestitze orokor hori. "Krisi testuinguruetan instituzio burgesek langileria kolpatzeko egiten duten politika azpimarratu nahiko genuke, eta bidesaria horren ondorioetako bat dela ikusten dugu", zioten.

EAJ dago Gipuzkoako Foru Aldundiaren agintean, eta "erantzule zuzen" gisara seinalatu zuten. Dena den, "gainontzeko alderdi politiko guztiak ere ez daude salbuetsita", Goierriko Kontseilu Sozialistako kideen esanetan. "Bidesariaren inposaketaren zein bizitzaren garestitzearen erantzule eta kolaboratzaile dira. Beraien politikak jatorrizko arazoa den gizarte kapitalistari aurre egitera bideratu beharrean, ezinezkoa den gizarte honen aurpegi soziala bultzatzen saiatzen dira, sortzen duen miseria betikotuz", salatu zuten.

Bidesari berria bezalako neurriak borrokatzeko modu bakarra antolakuntza komunista dela adierazi zuten berriz; "kasu hau ez baita kasu isolatu bat, eraso bat gehiago baizik". "Horiei aurre egiteko erantzun unibertsal bat beharrezkoa da", esan zuten.

Dinamika berria

Goierriko Kontseilu Sozialistak iazko azaroan hasi zuen bidesariaren aurkako lanketa, Deba Bailarako Kontseilu Sozialistarekin batera. Bi eskualdeetan egin dituzte bidesariaren kontrako mobilizazioak ordutik; hala nola, Bergaran, Beasainen, Antzuolan (Gipuzkoa) zein Urretxun (Gipuzkoa).

Goierriko Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez, dinamika berri bati ekingo dio orain eskualdean, Bizitzaren garestitzea gelditu! izenpean. Jarri du aurreneko hitzordua jada: martxoaren 12an dinamika berria aurkeztuko du Beasaingo udaletxean, eta hitzaldi bat izango da jarraian. "Krisia, bizitzaren garestitzea eta inflazioa" landuko dituzte hitzaldian; "Zer dira? Nola lur hartzen dute? Zein eszenatoki datorkigu?".

Identifikazioak azken egunetan

Bestalde, Goierriko Kontseilu Sozialistak salatu du azken egunetan bederatzi pertsona identifikatu dituztela lan politikoa egiteagatik. Aurreko ostiralean Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza nagusira (Donostia, Gipuzkoa) sartu ziren hainbat kide, bidesariaren aurka protesta egitera eta larunbateko manifestaziorako deia egitera. Ertzaintza bertaratu eta lau pertsona identifikatu zituen. Hurrengo egunean, aldiz, mobilizaziora deitzeko auto-karabana bat egin zuten, eta bost kide atxiki eta identifikatu zituzten ertzainek.

NO HAY COMENTARIOS