ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Sin Kuartel
2025/05/11 10:27

Centre Delàsek argitaratutako Bankuen negozioa belizismo globalean (El negocio de los bancos en el belicismo global) txostenak azaleratu duenez, Espainiako Estatuan erroldatutako finantza-instituzioek guztira 9.976 milioi dolar bideratu zituzten arma-industriara 2022. eta 2024. urteen artean, mundu mailako inbertsioen %3,6 (279.331 milioi dolar). Nazioartean, 2.560 erakundek 11.738 eragiketa egin zituzten armagintzan aritzen diren enpresekin: inbertsioak (akzioak eta bonuak) nagusitu ziren, guztizkoaren %76 izan baitziren.

BBVAren kasua bereziki deigarria da, 41. postuan baitago mundu mailako bankuen artean. Armagintzan 1.639,6 milioi dolar inbertitzera iritsi zen, gehienbat mailegu bitartez (1.393 milioi). Finantzaketa horren erdia baino gehiago Airbus (506,9 milioi), General Dynamics (524 milioi) eta Thales (409 milioi) enpresetara bideratu zen. Gainera, txostenak dioenez, 2008az geroztik dauka harreman egonkorra arma-sektorearekin, baina hazkunde nabarmena ikus daiteke 2015. urtetik aurrera, azken hirurak baitira inbertsiorik handienak erregistratu zituztenak.

Kutxabankek, BBVAk baino negozio-zifra baxuagoak baditu ere, 83,09 milioi dolarreko finantzaketak bideratu zituen, kasu honetan ere, maileguetan oinarrituta hein handi batean (75,22 milioi). Bere inbertsioak itsasontzi militarrentzako altzairuz hornitzen duen Sidenor (41,31 milioi) enpresara eta hegazkin-militarren sektoreko Aernnovara bideratu zituen (33,27 milioi). Txostenak modu argian salatzen du finantza-entitate horrek ere etekin ekonomikorako baliatu duela armagintzako enpresen gorakada ekonomikoa, eta aurreikusgarria dela inbertsioa are gehiago handitzea.

Inbertsioak armagintzan: negozio errentagarria krisi giroan

Mundu mailan, armagintzan izan diren inbertsioen %58 epe luzera edo ertainera kalkulatu eta gauzatu dituzte, sektorea "negozio ziurra" dela gero eta argiago utziz. Zentzu horretan, aipatutako bankuek nabarmen handitu dituzte euren irabazi garbiak 2015etik, armagintzarekiko atxikimendua areagotzearekin batera. Centre Delàsek dioenez, datuek agerian uzten dute nola finantza-erakundeek egitura "militar-industrial-finantzarioa" indartzen duten, horietako askok gerora aurpegia garbitzeko bake-kanpaina faltsuak egiten dituzten bitartean.

NO HAY COMENTARIOS