ACTUALIDAD / Represión
Bada Garaia: "Ez dugu onartuko Zupiriak egoera baliatzea jai herrikoien oinarrien kontra egiteko"
Zupiriaren azken adierazpenak direla-eta, argipen batzuk egin dituzte 'Bada Garaia' ekimenetik: "Denontzako jaiak nahi ditugu, bai, haien oinarri herritarra, autogestionatua eta aldarrikatzailea babesten duten eragile guztientzat".
2026eko ekainaren 12 - 05:33
Bada Garaia: "Ez dugu onartuko Zupiriak egoera baliatzea jai herrikoien oinarrien kontra egiteko"

Bingen Zupiriak, EAEko Segurtasun sailburuak, txosnetako gatazkak probestu ditu berriki polizia-indarrek txosnaguneetan beren lekua izan beharko luketela erreibindikatzeko. Horretarako, besteak beste, hainbat artistak Mugimendu Sozialistaren parte-hartzea aldarrikatzeko sortutako ekimenaz baliatu da; Bada Garaia ekimenaz, alegia.

Maiatzaren amaieran, kanpaina horretatik sortu duten abestia (Bada Garaia da izenekoa) jopuntuan jarri zuen Zupiriak berak, kantaren letrak Eusko Legebiltzarrera eraman eta altuan irakurri baitzituen, Poliziaren presentziari lotutako "istiluak" sustatzen zituelakoan. Bi aste eskas beranduago, kontrako jarrera erakutsi du: publikoki adierazi du begi onez ikusten duela Bada Garaia kanpaina, eta bai ekimen hori bai horren oinarrian dagoen gatazka baliatu ditu Poliziak txosnagunean tokia eduki beharko lukeela adierazteko. Hori ikusita, argipen batzuk egin dituzte Bada Garaia ekimenetik. 

Lehenik eta behin, Denontzako jaien alde leloa erabiltzen dutenez, horren esanahia argitu dute, gaizki ulertuak eta gaizki erabiliak ekiditeko. Izan ere, azaldu dute "denontzako jaiak" nahi dituztela; baina "haien oinarri herritarra, autogestionatua eta aldarrikatzailea babesten duten eragile guztientzat", zehazki. Eta jarraitu dute: "Beste batzuek ez dute sekula jai-eredu herrikoiarekin bat egin. Are gehiago, etengabe jai herrikoien izaeraren aurka jotzen dute eta askotan traba administratiboak bultzatzen dituzte".

Horiek horrela, irmotasunez kritikatu dute Segurtasun sailburuak Bada Garaia ekimena eta bere mezua manipulatu izana: "Ez dugu onartuko Bingen Zupiriak egoera baliatzea jai herrikoien oinarrien kontra egiteko, ezta bere lehia alderdikoierako ere". Horrexegatik, "egoeraren instrumentalizazioa saihesteko", beharrezkotzat jo dute "jai herrikoien ereduarekin konprometituta dauden eragile guztiek txosnaguneetan normaltasunez parte hartu ahal izatea", gatazka gehiago luzatu ez dadin. Mugimendu Sozialistak txosnetan parte hartzeko duen eskubidearen alde mugitzen ari diren artistek, beraz, berriz aldarrikatu dute Luberri Konpartsak, GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak "txosnetan egon behar dutela". "Denon artean jai herrikoiak babesten eta indartzen jarraitu behar dugu".