10:30ean hasi dira askotariko gaitasun zehatzak lantzeko tailerrak, herriko hainbat gunetan banatuta. Besteak beste, mekanika, aholkularitza juridikoa, segurtasun informatikoa, soinu teknika, antzerkia, argazkilaritza nahiz muralgintza saioak izan dira. Eguerdian, berriz, bertso musikatuak eskaini dituzte Sutegian.
18:00etarako jarri dute eguneko hitzordu nagusia: ordu horretan ekitaldi politikoa egingo dute Gune Nagusiko karpan.
Bestalde, musika eskaintza zabala izango da goizaldera arte, lau gunetan: Altsasuko Gaztetxean, Sutegian, Zelandi frontoian eta Gune Nagusian. 17:00etan eskainiko du kontzertua Katez taldeak, baina ekitaldi politikoaren osterako antolatu dituzte gainontzeko emanaldiak. Gune Nagusian emango dituzte kontzertuak The Lio, TOC, Rodeo, Ezpalak eta Trikoma Banda taldeek (gero DJen txanda izango da); Sutegian arituko dira Katarsia eta DJ Elvis Caino; Zelandin taularatuko dira Aurrez Aurre, Istilu, Streetwise eta El Sonido de la Metralla; eta gaztetxean izango dira Atzapar Rock, Billy Club, Rudeska eta Estarlus taldeen kontzertuak.
Bihar eguerdian egingo dute Hispanitatearen Egunaren aurkako hitzartze politikoa, eta horren ondoren hasiko dira desmuntatze lanak.
- Ikusi hemen urriaren 8ko kronika eta argazki galeria
- Ikusi hemen urriaren 9ko kronika eta argazki galeria
- Ikusi hemen urriaren 10eko kronika eta argazki galeria